Urola Kostako LABek aldaketarako mugarritzat hartu du Maiatzaren Lehena

LABeko langileen ordezkariak atzo Zumaian. (LAB)

LABeko kideek azaldu dutenez, "argi" dute lanpostuen defentsarako "bide berezitu bat" hasi behar dutela; izan ere, sindikatuaren arabera, "aldaketa" da bide bakarra. Maiatzaren Lehengo eskualdeko mobilizazioa Azpeitian egingo du LABek: 12:00etarako manifestazioa deitu du, plazatik hasita.

Urola Kostako LABeko langileen ordezkariek batzarra egin zuten Zumaian, "egungo egoera zailaren eta etor daitekeenaren aurrean" iritziak partekatzeko eta indarrak batzeko. LABeko kideek azaldu dutenez, "argi" dute lanpostuen defentsarako "bide berezitu bat" hasi behar dutela: "Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharr dagoela argi dugu". Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, "ikaragarria" da jada eman den lan galera, "batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan".

LABek egoera hori azaleratzeko eta agendaren erdigunean jartzeko beharra azpimarratu du, eta azaldu du Maiatzaren Lehenerako hautatu duten leloak dioen gisan, "aldaketa" dela aukera bakarra. "Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz". Hori lortzeko, lanean jarraituko dutela azaldu dute sindikatuko kideek, eta gogorarazi dute badela "mugarri" bat aurrean: maiatzaren 1a. "Egun hori berezia da langileontzat, eta guk ere horrela bizi nahi dugu; horregatik, egun horretan kalean egongo gara".

Duela aste batzuk iragarri moduan, Azpeitian egingo du Maiatzaren Leheneko mobilizazioa LABek. Hain zuzen ere, manifestazioa egingo dute, 12:00etan plazan hasita, eta eskualdeko beharginei manifestazioan parte hartzeko deia egin die sindikatuak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide