GUTUNA

Azken ostikadak

Ander Labaka Iparragirre 2021ko api. 14a, 09:13

Ander Labakak honako iritzi artikulu hau bidali du Uztarriaren erredakziora, Corrugados Azpeitia lantegiaren balizko irekieraren harira.

Badirudi orain 70 urte inguru sortu zen Marcial Ucin lantegiaren azken egunetara iristear garela; Aceralia, Arcelor eta Gallardo taldeetatik igaro ondoren, Cristian Lay taldeak desagerraraziko duela dirudi.

Espekulazioak eragindako higiezin burbuilaren leherketaren ondorioz sortu zen krisi finantzieroak oso gogor kolpatu zuen sektorea, eta, horrez gain, orduko zuzendaritzak egindako kudeaketa eskasaren ondorioz, lantegiaren gainbehera hasi zen, non Gallardo taldeak ezin izan zion aurre egin banketxeekin zituen zor ikaragarriei.

Halabeharrez, inoiz gutxitan mobilizatzen ginen langileok kalera atera beharrean aurkitu ginen; izan ere, zenbait langileri eragiten zigun Lana Erregulatzeko Txostena (LET) guztiz bidegabea zen, sekzio batzuetako beharginak langabezian geundenean, gehien irabazten zutenak lantegian pasieran baitzebiltzan beren soldata osoa kobratuz.

2011. urtea iristearekin batera, enpresak ehun langile kaleratu eta instituzioetatik bost milloi euro jaso zituen. Bideragarritasun planaren emaitzak ikusterako, beste 60 kaleratze jarri zituen mahai gainean, 49 orduko lan hazkundea eta %35eko soldata jaitxiera inposatuz. Langileok epaitegietara jo  genuen, eta soldata jaitsiera zein kaleratzeak nuluak zirela ebatzi zituen. Gure aldeko epai horiek kontuan izanik, ia zazpi hilabete greban eman ondoren, lanera bueltatu ginen, beti ere negoziaketaren mesedetan; baina, zoritxarrez, antzerki huts bilakatu zen, adarra jo baitziguten. Guk hainbat proposamen egin genizkien arren –borondatezko kaleratzeak, soldaten zati baten kobrantza atzeratzeko prestutasuna...–, beraiek hasieratik garbi azaldu ziguten negoziaketa antzerki huts bat besterik ez zela, beraien burua zuritu eta denbora irabaztea beste asmorik ez zutela. Handik hilabete gutxira, talde mailako LET bat aurkeztu eta Azpeitiko lantegia itxi zuten, talde bereko beste langile batzuk ere kaleratuz, Corrugados Lasaokoak kasu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Gallardo Taldeari arrazoi eman zion.

Garai hartan epelak entzun genituen: geurekoi hutsak izan ginela, harroputzak, besterik ez genuela merezi..., nahiz eta babes ugari ere jaso genuen zenbait herritarren partetik.

Ordukoan, hainbat eragile eta alderdi politikorekin bildu izan ginen. Egun komunikabideetan enpleguaren alde dabiltzala dioten horietako zenbaitekin ere elkartu ginen, zeinak babesik zein elkartasunik ez ziguten erakutsi. Tristea da horrelako gai batetik etekin politikoa atera nahi izatea; izan ere, egun badira Euskal Herrian beren lanpostuen defentsan gogor borrokan dabiltzan beharginak, Tubacex-ekoak esaterako, eta badirudi haien lanpostuak ez direla existitu ere egiten.

Beraz, nire iritziz, lanpostu berriak sortzearen alde dabiltzala dioten politikari horiek hobe lukete benetan gauzagarriak diren proiektuetan sakonduko balute, komunikabideetan ika-mika antzuetan ibili ordez; izan ere, Martxielenekoaren eraisketa ez baita eraikin zahar baten desagerpena soilik izango, baizik eta hamarkadaz hamarkada eskualdatu den jakintza baten amaiera baino.