TicketBAI sistemaren inguruko informazio jardunaldiak antolatu dituzte hurrengo asterako

Apirilaren 20an, 21ean eta 22an eskainiko dituzte informazio saioak, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Bertan parte hartzen dutenek TicketBAI edo aurrerantzean TBAI bezala ezagutuko den tresnaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute. Sustatzaileek azaldu dutenez, TBAI indarrean jartzen dutenetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona guztiek fakturazio softwarea erabili beharko dute, eta horren erabileraren inguruan arituko dira antolatutako saioetan.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako merkatari elkarteek sustatuta, TicketBAI eta ezarpen saihestezinak eskaintzen dizkigun aukerak izeneko informazio saioak eskainiko dituzte datorren astean. TicketBAI –aurrerantzean TBAI– Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta horren helburua da "betebehar legalak eta arlo teknikokoak ezartzea". 

Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, TBAI indarrean jartzen denetik aurrera –2022ko urtarrilaren 1ean jartzea aurreikusten dute–, "jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio softwarea erabili beharko dute".  Sustatzaileen arabera, "sistema berriak foru ogasunei ahalbideratuko diete zergadunen jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea. Era berean, informazio hori zergadunei beren zergen gaineko betebeharrak betetzen laguntzeko erabiliko da". Finean, fakturen eta tiketen gaineko kontrolerako tresna izango da martxan jarriko dutena.  

"Gaiak duen garrantzia" ikusita antolatu dituzte informazio saioak, eta bereziki kaleko saltokiei zuzenduta daudela azaldu dute. Apirilaren 20an, 21ean eta 22an izango dira saioak, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, 14:30etik 16:30era. Hain zuzen, hilaren 20an Zestoan eskainiko dute saioa, Alonderoko aretoan. Hilaren 21ean Azkoitian, Elkargunean, eta hilaren 22an Azpeitian Soreasu antzokian. Saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, herri bakoitzeko merkatari elkarteekin harremanetan jarrita: Azkoitikoan izena emateko herrixen@hotmail.com helbidera idatzita, Azpeitikoan bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzita edo hemen, eta Zestoakoan jjallur@siadeco.eus helbidera idatzita. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide