Elkarrizketa

Alazne Aizpitarte: "Kolpe bat, oro har, ez da egun batetik bestera etortzen"

Nagore Aizbitarte 2021ko mai. 2a, 11:01
Alazne Aizpitarte. (Utzitakoa)

Psikologian doktorea, bikote terapeuta, ikertzailea eta irakaslea da Alazne Aizpitarte. Bikote harremanak, indarkeria eta nerabezaroa dira haren espezialitatea, eta arlo horietan dihardu lanean. Gaur egun, Bartzelonan bizi da. 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Gaztetatik oso garbi zuen Alazne Aizpitartek (Azpeitia, 1984) psikologoa eta terapeuta izan nahi zuela. 2014an Indarkeria nerabeen bikote harremanetan izeneko doktore tesia argitaratu zuen, eta espezializazio horren bidea jarraitu du gerora. Atzerrian ere ibili da ikerketa lanetan. Gaur egun, Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitaleko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentro batean lan egiten du. Ikertzaile lanetan ere badabil Kataluniako Oberta Unibertsitatean. Nerabeek bikote harremanetan garatzen duten indarkeriaren inguruan hausnartu du, baita jarrera horien atzean dauden faktoreez ere.

Psikologian doktorea, bikote terapeuta, ikertzailea, irakaslea... Ibilbide profesional luzea duzu, baina nola sartu zinen psikologiaren munduan?

Psikologiaren munduak betidanik erakarri nau. Lagunek arazoren bat zutenean, nigana jotzen zuten gehienetan. Bikote harremanen gaia nerabezaro hasieratik bilakatu zen erakargarria niretzat. Oso garbi nuen psikologoa izatea nahi nuela ondoren terapeuta izateko; ez nuen zalantzarik izan.

Ameriketako Estatu Batuetan ibili zinen bi urte inguruz ikerketa lanetan. Nola sortu zen aukera hori?

Doktoretza amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen deialdi batzuetan lehiatzeko aukera izan nuen. Doktoretza ondorengo ikerketa proiektu bat aurrera eramateko aukera ematen dizute deialdi horren bidez, hiru urtez finantzaturik; bi urte atzerrian egin ohi dira, eta beste urte bat hemen. Nire kasuan, Ameriketako Estatu Batuetara joatea erabaki nuen. Deialdi horien helburua da hemengo ikertzaileek kalitate eta ezagutza maila altuenak berenganatzea, ondoren ezagutza horiek norbere komunitateari bueltatzeko.

Esperientzia ona izan al zen?

Oso ona. Kultura ezberdin bat ezagutzeko aukera izan nuen eta asko bidaiatu nuen; oso aberasgarria da hori. Lanari dagokionez, berriz, han sentitu nuen nire jarduna oso ondo baloratuta zegoela. Doktorea eta ikertzailea izateagatik estatus bat jasotzen duzu han, eta hori beste leku batzuetan ez da horrela izaten. Niretzat oso polita izan zen hori sentitzea.

Gaur egun, Bartzelonan egiten duzu lan. Zer dela eta?

Espezializazioak ekarri nau Bartzelonara. Espainia osoan espezializazio gehien dagoen lekua da Bartzelona. Orain, Sant Joan de Deu ospitalean lan egiten dut, programa espezializatu batean. Nire ibilbidean zehar nerabezaroaren gaian espezializatu naiz, eta indarkeriaren lekuko diren haurrekin eta nerabeekin lan egiten dut. Familia barruan gauzatzen den indarkeriaren biktima diren haurrek eta nerabeek probabilitate handiagoa dute harreman toxikoak izateko, eta ildo hori jorratzen ari gara. Esku artean dugun programa aitzindaria da Espainian, eta alderdi kliniko eta ikertzailetik oso interesgarria da hori niretzat.

Nerabeen bikote harremanetan gauzatzen den genero indarkeria da zure espezializazioa. 2014an Indarkeria nerabeen bikote harremanetan izeneko doktore tesia argitaratu zenuen. Zergatik nerabeak eta horien bikote harremanak?

Bikote harremanen gaia oso mundu konplexua da. Nerabezaroko bikote harremanak errusiar mendi bat izan ohi dira, eta nerabezaroa bera ere hala da. Nerabezaroaren eta bikote harremanen artean sortzen den nahasketa hori liluragarria da niretzat. Nerabeak identitate pertsonalaren bila aritzen dira helduarorako trantsizio horretan, eta hainbat zalantzarekin, espektatibarekin eta eskemarekin hasten dute harreman erromantikoen ibilbidea. Bikote harremanak nolakoak diren esploratzen hasten dira sasoi horretan, eta oso mundu konplexua da ulertzeko. Nerabezaroaren gaia ezin da sinplifikatu komunikabide batzuek egiten duten moduan. Adin tarte horretan, izugarrizko elastikotasuna izan ohi dute gazteek, eta aldaketen aurrean oso sentikorrak izan ohi dira. Horregatik, etapa hori gakoa da prebentziorako. Alde horretatik hutsune handia ikusten nuenez, alor horretan espezializatu nintzen.

Indarkeria askotan biolentzia fisikoarekin lotzen dugu. Indarkeria mota hori, ordea, icebergaren punta da, ezta?

Kolpe bat, oro har, ez da egun batetik bestera etortzen. Indarkeria fisikoa azaltzen denean, normalena da lehenagotik beste indarkeria mota batzuk gauzatu izana, adibidez, psikologikoa. Gehienak gradualki eboluzionatzen doazen kasuak izan ohi dira. Harreman batzuk, agian, ez dira inoiz helduko indarkeria fisikora, baina oso erlazio toxikoak eta kontrolatzaileak izango dira. Beraz, alerta egoera handiagoa egon ohi da lehenagotik indarkeria agertzen denean.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako ikastaro batean, Donostian. (Utzitakoa)

2019an hiru gaztetik batek uste zuten "saihetsezina" edo "onargarria" zela egoera batzuetan bikotekidea "kontrolatzea". Zergatik onartzen dira kontrol jokabide horiek?

Gaur egungo nerabezaroa ez da gure aitona-amonek bizi izan zuten bera. Ziurgabetasun eta espektatiba ezberdinak daude gaur egun bikote harremanen inguruan. Lehen, oso markatuta zeuden jarraitu beharreko pausoak, eta horrek segurtasuna ematen du psikologikoki. Oraingo harremanak, ordea, oso labainkorrak dira, eta jendeak espero du ezkondu baino lehenago beste hainbat pertsonarekin harremanak edukitzea. Modu oso sutsuan maiteminduta dagoen pertsona batek ikusten du oso erraza izan daitekeela ondoan duena galtzea, eta izugarrizko ahaleginak egiten dituzte pertsona hori beraien alboan mantentzeko. Saiakera horretan, batzuetan kontrol jokabide horiek agertzen dira. Azken batean, kulturalki eta komunikabideetatik jasotako mezuek ulertarazten dutena da jeloskortasunari bidea uztea normala dela. Beraz, gazteek ez dute sentitzen landu beharreko emozio bat denik. Horrela, kontrol egoerei lekua eta babesa ematen zaie.

Sare sozialen erabilpenari botatzen zaio errua askotan. Zure ustez, sare sozialek normalizazio horretan lagundu dute?

Sare sozialak ez dira kontrol jokaeren kausa edo jatorria; kontrolatzea errazago bihurtzen duten erremintak dira. Asoziazio kate hau gauzatzen da: kontrola errazagoa den heinean, kontrolaren maiztasuna igo egiten da, eta, ondorioz, kontrola normalagoa bihurtzen da. Beraz, esan daiteke normalizazioan eragiten dutela nolabait. Hala ere, faktore indibidualek ere eragina dute kontrol horretan: autoestimua, segurtasun eza... Faktore horien arabera, gazte batzuek joera handiagoa izango dute sare sozialen bidez kontrolatzeko.

Maitasuna kontrolarekin nahasten al dute?

Zeharkako kontrolarekin bereziki. Kontrol mota hori identifikatzea zailagoa da. Ez da gauza bera zure bikotekideak esatea ez duela nahi zu lagunekin ateratzea, edo esatea asko maite zaituelako asteburu osoa zurekin bakarrik igaro nahi duela. Bigarren eskakizuna maitasunarekin gehiago nahas daiteke, baina jokabidearen helburua lehenengoaren oso antzekoa da. Kontrola maiztasun handiz modu zuzenean gauzatzen hasten bada, ordea, urduritasuna edo antsietatea hasi edo areagotu daitezke. Hala ere, horrek ez du esan nahi guztiz ohartzen direnik gaizki dagoen jokabidea dela.

Jeloskortasuna asko aipatzen da maitasunaz hitz egitean. Zer da zuretzat jeloskorra izatea? Eta zeren ondorio da?

Maite dugun pertsona baten galera erreala edo irudikatutakoa aurreikusten dugunean sentitzen dugun emozio bat da. Faktore indibidualekin oso lotuta dago, eta norberaren segurtasun ezak eragin zuzena du. Autoestimu eta dependentzia emozional arazoak dituzten pertsonek errazago eta modu bortitzagoan aktibatuko dute emozio hori. Gizarteak eta kulturak ere paper garrantzitsua dute jeloskortasun jokaera horien interpretazioan, justifikazioan eta normalizazioan.

Pasioa gatazkarekin lotzen dutela aipatu izan duzu. Zer-nolako garrantzia ematen zaio gaur egun pasioari nerabeen arteko harremanetan? Nola ulertzen dute pasioa?

Garrantzi handia ematen zaio pasioari. Pasiorik ez badago, iruditzen zaie ez dagoela harreman batean egon behar duen 'zera' hori. Kontua da askotan gatazkarekin lotuta egon ohi dela komunikabideek erakusten diguten pasio mota. Gatazkaren eta pasioaren arteko lotura egiten denez, gatazka onartzeko gai izan ohi dira gazteak, pasioaren alde. Lotura hori egitea oso arriskutsua da, eta pena ematen dit pasioa gatazkarekin lotzeko joera horrek; izan ere, pasioa oso gauza polita da berez.

Ereduen garrantzia ere aipatu izan duzu. Telebistan eta sare sozialetan ikusten dituzten harremanen bitartez, nerabeak "entrenatu" egiten direla esan izan duzu. Ikusten dutenak zertan entrenatzen ditu gazteak?

Nerabezaroaren hasierako harremanak entrenaleku bat direla esaten dut nik. Boxeoko ring batean aurkitu ohi dira gazteak, eta ahal dutena egiten dute dakiten horrekin. Hezkuntzari dagokionez, oso gutxi egiten ari gara halako gaiak lantzeko, eta horrek zuzenean eragiten du nerabezaroko harremanetan. Nire ustez, indarkeria murriztean jarri dute fokua orain arte. Faktore soziokulturalak lantzea garrantzitsua da berdintasuna lortzeko, baina badirudi jendeak pentsatzen duela berdintasuna lortzen dugun unean gazteek jada ez dutela indarkeria erabiliko. Hori ez da gertatuko beste faktore asko landu gabe uzten baditugu. Faktore indibidualek garrantzia dute, bai eta bestelakoek ere: lagunen eragina, familiaren barruan bizitzen dutena, bikotekideekin zer-nolako dinamikak sortzen dituzten, komunitateak dituen arauak... Pixka bat alboratuta geratzen diren faktore horiek garrantzitsuak dira; izan ere, pertsona bat biktima edo erasotzaile izateko probabilitatea areagotzen dute. Arazoa hor ikusten dut nik.

EHUk antolatutako Udako Ikastaroetan, iaz. (Utzitakoa)

Feminismoak egindako lanari esker, gazteek gero eta informazio gehiago dute indarkeriaren inguruan. Horrek eragina izan al du haien bikote harremanetan? Eredu aldaketa bat gauzatzen ari dela uste al duzu?

Uste dut ari dela gauzatzen eredu aldaketa bat. Egungo gazteen artean oraindik badago matxismoa, baina ez da matxismo tradizionala bezain agerikoa. Horren atzean mugimendu feministak egindako lanketa handia dago. Gaur egungo gazteak ez dira lehengoak baino matxistagoak, baina ez dakite nola erlazionatu, eta jasotako eredu batzuek harreman toxikoetara eramaten dituzte. Uste dut alor horretan ez dugula arreta handirik jarri.

Nola antzeman dezake gazte baten inguruneak hura indarkeria bizitzen ari dela bere bikote harremanean?

Ohiko seinalea izaten da gaztea isolatzen hastea. Agian, isilago edo lotsatiago dagoela nabarituko dute ingurukoek, edo gustuko zuen jarduera bat jada ez duela egiten ikusiko dute. Kontrol eta isolamendu egoera batean nabari daitezkeen jarrerak izan daitezke horiek. Egia da beste arazo batzuekin ere izan dezaketela zerikusia seinale horiek, baina asko ezagutzen dugun pertsona bat asko aldatzen ari dela nabaritzen badugu, seinaleei arreta berezia jarri behar zaie.

Eta nola lagundu?

Orokorrean, lagunak izan ohi dira aurrena lagundu dezaketenak, gurasoek baino lehenago. Ikerketek erakutsi dute gurasoengana jotzea ezohikoagoa dela; izan ere, gazteek pentsatzen dute ez dituztela ulertuko edo kontuan hartuko eta beldurra sartzen zaie. Gauzak horrela, zentzuzkoena da biktimarekin hitz egitea, kezka adieraziz gerturatuta. Ezin zaio leporatu aldatzen ari dela edo ez dela horrenbeste ateratzen lagunekin, mezu horiek errudun sentiarazi dezaketelako. Biktima epaitua sentitzen bada, oso zaila izango da berarentzat gertatzen zaiona kontatzea. Beraz, lehenengo kezka, eta gero eskuragarritasuna erakustea da bidea; hau da, edozein egoeraren aurrean berari laguntzeko prest egongo zarela adieraztea. Izan ere, oso zaila da isolamendutik bakarrik ateratzea.

Gazteen bikote harremanetan gertatu ohi dena aztertu duzu zure ibilbidean batez ere. Baina zer-nolako bikote harremanak izan ohi dituzte helduek? Ezberdintasun asko al daude?

Helduekin bikote terapia egiten dut, eta uste dut dinamika antzekoak errepikatzen direla hainbat kasutan. Dena den, bizitzako etapari dagokionez, erlaxatuago egon ohi dira pertsonak helduaroan, nerabeekin alderatuta. Jeloskortasuna eta kontrol egoerak noski agertu ohi direla, baina ez dira nerabezaroan bezala azaleratzen. Esperientziak eta ezagutzak asko laguntzen dute. Bestalde, beste zenbait ardura izan ohi dituzte helduek; adibidez, umeen zaintza. Kasu horietan, pixka bat sakabanatu egiten da bikotea, eta beste bikote dinamika batzuk garatzen dira.

Etorkizunari begira, egoera aldatuko dela uste al duzu? Ondo maitatzen ikasiko dugu?

Hori pentsatu nahi dut. Hala ere, inbertsio handia egin beharko da prebentzioan. Adibide gisa jar dezaket Kanadan garatzen ari diren prebentzio programa bat. Programa horren bidez, gaitasun sozio-emozionalak irakasten zaizkie gazteei urte oso batean zehar. Esku hartzearen amaieran, ikusi dute bikote harremanetako indarkeria eta bullying jokaerak murriztu egiten direla. Beraz, uste dut egiaztatuta dauden egitasmoetan inbertitzea dela etorkizuna, funtzionatzen duela dakigun horretan, hain zuzen.

Doktorego tesiaren azken urtean, 2013an, European Conference on Psychologycal Assessmenteko ponente funtzioan. (Utzitakoa)