Aldundiak herritarren kooperatiba energetikoak aurkeztu ditu Azkoitiko Intsausti jauregian

Andoni Elduaien 2021ko api. 13a, 15:00
Asensio, Zubizarreta, Alkorta, Arregi eta Pedreira, Azkoitiko Intsausti jauregian.

Trantsizio energetikoa "gizarte gisa daukagun erronketako" bat dela nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Horren ildotik, Aldundiak Europako funtsak "mobilizatu" nahi ditu, Gipuzkoako udalek, herritarrekin batera, baliabide ekonomiko horiek "aprobetxatu", eta trantsizio energetikoa azkartzeko.

Gaur goizean, Urola Erdia eskualdeko herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu dute Iraurgi Berritzeneko kideen aurrean Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak, Azkoitiko Intsausti jauregian. Aurkezpenean, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak parte hartu dute. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak ere parte hartu du bileran.

Aurkezpenean adierazi dutenez, "Energia sistema berriak ezartzea bultzatzeko lanean" ari da Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamendua. Energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak bultzatu nahi dituzte, Gipuzkoaren kanpoko mendekotasun energetikoa murrizteko. Era berean, nahi dute energia sistema berriek "herritarrak ahalduntzea" eta "rol aktiboarekin kokatzea" energia sistemaren erdigunean. "Hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da; izan ere, klima aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, Gipuzkoako 62.000 etxe baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena da", azpimarratu du Asensio diputatuak.

Departamenduak bultzatzen duen sistemetako bat da gaur Urola Erdiko udal ordezkariei beren udalerrietan laguntza emateko aurkeztu zaizkien herritarren kooperatiba energetikoak. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira, eta eguzki energia sortzeko eta kudeatzeko parte hartzera bultzatzen dituzte herritarrak, beren hornidurarako. Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingenieritza sustatzailearekin batera sustatzen dira, horiek baitira Gipuzkoan Ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak.

Aldundiko Departamenduak eta Ekiolak elkarrekin lan egingo dute, Gipuzkoan elektrizitatea teknologia fotovoltaikoarekin sortzeko kontsumo kooperatibak sistematikoki eta modu ordenatuan ezartzeko plangintzan. Herritarrek zein erakundeek kooperatiba horietan "parte hartzea bultzatuko eta erraztuko" dutela azpimarratu dute, "bere gaitasun eta eskumenen esparruan".

2050erako Gipuzkoako jasangarritasun energetikoari buruzko foru dekretu berria lantzen ari da Ingurumen Departamendua. 2021ean onartzea aurreikusten dute, eta, besteak beste, 2005. urtearekin alderatuta, BEGen guztizko isurketak 2050ean gutxienez %80 murriztea eta 2050erako energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren %80 izatea nahi dute.

Testuinguru horretan, Aldundiko departamenduak laguntza lerro bat aurkeztu du Europako funtsetara Euskadi Next egitasmoaren bidez. Lurraldeko udalek beren herritarren eskutik "baliabide ekonomiko horiek aprobetxatu" ahal izatea nahi dute, eta horri esker helburua da "trantsizio energetikoa bizkortzea, Gipuzkoako autokontsumoa hedatzean eta energia berriztagarriak sustatzean zentratzea, eta gaur Azkoitian aurkeztu duten moduko komunitate eta kooperatiba energetikoak sustatzea". Asensio diputatuaren arabera, "energia berriztagarriak aukeratzen dituzten eta herritarrak rol aktiboarekin posizionatzen dituzten sistema energetiko berriak sustatzea trantsizio energetikoaren oinarrian daude. Ingurumenaren arloan lanean ari gara Europako funtsak mobilizatzea lortuko duten proiektuak izan daitezen".

0 kilometroko energia kooperatibak

Kooperatibaren sorrerak, "herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin" lotzen direla azaldu dute. "Auzotar askok parte hartzea dakarten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzen du. Formula horri esker, gertuko energia edo 0 kilometro energia sortuko duten dimentsio handiko energia azpiegiturak egongo dira". 1 MW eta 5MW arteko potentzia duten eguzki parkeak izango dira horiek. Halaber, kooperatibako kide diren pertsonek edo familiek "instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetatxu", instalazio horiek "propiotzat identifikatu" eta instalazio horietan "kontsumo elektriko osoaren pareko energia bolumena sortu" ahal izango dute. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko sistematikarekin, kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi ahal izango dute, "etxebizitzaren energia kontsumoaren pareko kostuarekin".

Aldundiaren arabera, kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu sortze kostu egonkor batekin, 25 urte edo gehiagorako epearekin. "Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira, eta horrela, instalazioak tamaina ertain-handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte", azaldu dute. Era berean, nabarmendu dute emaitzak kooperatibistei itzuliko zazkiela faktura elektrikoetan, "argi faktura gutxi gorabehera %20-30 murriztuta". Modu horretan, bakoitzak urtero ikusiko du instalazioa sortzearen emaitza, alderdi ekonomiko zein elektrikoei dagokienez. Gainera, horiek ingurumenean, jasangarritasunean, ingurunerako aberastasuna sortzean edota kontsumoaren ekonomian duten eragina ebaluatu ahal izango dute.