Koronabirusa Azpeitian

Goraka jarraitzen du Azpeitiko intzidentzia tasak, eta gertu du eremu laranja

Julene Frantzesena 2021ko api. 13a, 13:52

Zazpi kasu berri hauteman ditu Osasun Sailak herrian, eta intzidentzia tasa 295,66ra igo da. Eskualdean eta Hego Euskal Herrian ere kezkagarria da COVID-19 gaitzaren bilakaera.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Azpeitiko egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Izan ere, zazpi kasu berri hauteman zituzten atzo herrian, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 295,66ra igo da. Gauzak horrela, gertu du Azpeitiak eremu laranja; halere, une honetan 5.000 biztanleko  herrietatik tasarik baxuena duen eskualdeko herria da.

Urola Kostan ere egoera ez da samurra, Zumaia ere eremu gorrian diren herrien zerrendara batu baita gaur. 400eko intzidentzia tasaren mugan zen atzo kostaldeko herria, eta Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako datuen arabera, aise gainditu du muga hori: 468,1. Dena den, eremu gorrian diren herrien zerrenda ez dute eguneratuko datorren astera arte –astean behin, astelehenetan, jakinarazten du zerrenda Jaurlaritzak–, eta beraz, gaur-gaurkoz, ez dute neurri murriztailerik ezarriko Zumaian.

Azkoitia (976,38 da tasa), Zarautz (646,76 da tasa) eta Orio (587,08 da tasa) ere eremu gorrian dira atzotik, eta herri horietan neurri murriztaileak ezarri egin dituzte; besteak beste, herri horietako biztanleek ezingo dute herritik atera, salbuetsitako kasuetan izan ezik. Eskualdean, gainera, badira, 400eko intzidentzia tasa gaindituta duten baina eremu gorrian ez diren herriak ere, hala nola Aia (403,02 da tasa) eta Getaria (883,39 da tasa).

Azpeitian ez ezik, Urola Kostako gainontzeko herrietan ere hainbat kasu zenbatu zituzten atzo: hamar Zarautzen, bederatzina Azkoitian eta Zumaian, bost Orion, hiru Getarian eta bat Errezilen. Kopuru horiek tarteko, intzidentzia tasak gora egin du herri gehientsuenetan.

896 positibo Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 896 lagunek eman zuten positibo atzo gauzatutako 11.541 PCR eta antigeno probetan. Horietatik 106 positibo atzeman zituzten Araban, 298 Bizkaian, 315 Gipuzkoan eta 170 Nafarroan; gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi lagunek ere eman zuten positibo Osakidetzak eta Osasunbideak egindako testetan. Atzoko datuen arabera, %7,8 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa, eta %7,7 Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ere okerrera egin du. Izan ere, atzo 104 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –aspaldiko daturik altuena–, eta Osakidetzak emandako datuen arabera, orotara 430 lagun –bezperan baino hamar gehiago– daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan. Gainera, horietatik 127 ZIUetan daude.