Binakako Pilota Txapelketako finalerdietara sailkatu da Jon Alberdi

Julene Frantzesena 2021ko api. 12a, 10:03
Jon Alberdi ostiraleko partidan. (Baiko)

Finalerdietarako txartela joan zen ostiralean Izarraitz pilotalekuan lortu zuten Alberdik eta Salaverri II.ak, Zubizarreta III.a eta Uriondo 22 eta 18 mendean hartuta. Alberdi "gustura" da lorpenagatik, baina badaki finalerdietako partidak "gogorrak" izango direla.

Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu dute Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak eta Salaverri II.ak. Joan zen ostiralean jokatu zuten partida Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta Zubizarreta III.a eta Uriondo 22 eta 18 mendean hartuta, finalerdietan izango da Baikoko bikotea. Alberdi "gustura" da lorpenagatik, baina badaki finalerdietako partidak "gogorrak" izango direla: "Dugun onena emango dugu".

Finalerdietako lehen partidak Azkoitiko Gurea frontoian izango dira ostiralean, 22:00etan hasita. Alberdiz eta Salaverri II.az gain, finalerdietan izango diren gainerako hiru bikoteak Aspe enpresakoak dira: Salaberria eta Oier Etxebarria, Zabala eta Erostarbe nahiz Elordi eta Garmendia. Julen Egiguren Egiguren V.a azpeitiarra ere lehiatu da txapelketaren ligaxkan Ruiz bikote zuela, baina horiek ez dute lortu lehian aurrera egiterik.