'Nomadland' eta 'Tom eta Jerry' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Julene Frantzesena 2021ko api. 21a, 08:43

Zapatuan, igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da Nomadland filma, 19:00etan hasita, eta igandean emango dute Tom eta Jerry , 16:30ean. Dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak.

Nomadland filma emango dute datozen egunetan Soreasu antzokian. Zapatuan, igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da filma, 19:00etan hasita. Tom eta Jerry, berriz, 16:30ean hasita emango dute. Dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean.

Nomadland filma AEBn ekoiztutako lana da, eta Chloe Zhao da zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Krisi ekonomikoa dela-eta dena galdu ostean, AEBetako barnealdean barrena bidaia abiatu du emakume batek. Nomada moderno bat bihurtu eta gizarte konbentzioaletik at bidaiatuko du kamioi zahar bat lagun hartuta".

Tom eta Jerry animaziozko filma da, eta honako hau da lanaren sinopsia: "Historiako lehiarik maiteenetako bat berpiztu egingo da Jerry New Yorkeko hotelik onenera bizitzera joatean, mendeko ezkontza garrantzitsuenaren bezperan. Horrek ezkontza-planifikatzaile desesperatua Tom kontratatzera behartzen du. Katuaren eta saguaren arteko borrokak hainbat arazo sortuko dizkio langileari. Baina laster arazo are handiago bat etorriko da: hiruren aurka konspiratzen duen handinahiko langile bat".