Juaristi ISBk 70 eta 72 galdu du etxean Clavijoren aurka

Andoni Elduaien 2021ko api. 12a, 08:58
ISBko jokalariak, errebotea lortzeko borrokan. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Partida parekatua jokatu zuten ISBk eta Clavijok Azpeitian, baina Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak 70 eta 72 galdu zuen.

Juaristi ISBk joan den asteburuan lortu zuen Urrezko LEB ligarako zuzeneko igoera jokatzeko sailkapena. Atzo, egun multzoko bigarrena den  Clavijo taldearen aurka neurtu zituen indarrak ISBk, eta Iñaki Jimenez entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 70 eta 72 galdu zuen Azpeitiko kiroldegian.

Hein handi batean, lehen laurdenean bisitariek ireki zuten tarteak erabaki zuen neurketa; izan ere, ondorengo hiru laurdenak parekatuak izan ziren. Errioxarrak 10 eta 17 hasi ziren irabazten Azpeitian, eta 21na berdindu zuten bigarrena. Atsedenaldiaren ostean, ordea, Juaristi ISB gehiago izan zen erasoan, eta 18-17 zein 21 eta 17 irabazi zituen, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren laurdenak. Hala eta guztiz ere, ISB ez zen izan gai lehen hamar minutuetan kanpoko taldeak irekitako aldea iraultzeko.

Oro har, Clavijoren aurkako partidan balio baxuak eskuratu zituzten ISBko jokalariek. Iñigo Royo eta Ibon Guridi izan ziren taldeko saskiratzaile onenak, 13 eta 11 puntu lortuta. Shemar Bute, berriz, baliorik onena erdietsi zuen ISBko jokalaria izan zen, 12 puntuko balorazioa lortuta.

Juaristi ISBri neurketa bat besterik ez zaio gelditzen fase erregularra amaitzeko. Joan den asteazkenean ziren jokatzekoak Zornotzaren aurkako partida, baina COVID-19a tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten norgehiagoka. Bihar, asteartea, jokatuko dute partida hori Zornotzan (Bizkaia). Behin neurketa hori jokatuta, Juaristi ISBk Bartzelona B taldearen aurka jokatuko du Urrezko LEB ligarako zuzeneko igoera.