Oier Ibargurenek Les Franqueses proba irabazi du

Ihintza Elustondo 2021ko api. 11a, 15:32
Oier Ibarguren, helmugara iristen. (Federacio Catalana de Ciclisme)

Katalunian jokatu dute txirrindularitza proba, eta 50 kilometro falta zirela, Adrien Maire frantziarrarekin ihes egin du azpeitiarrak. Azkenean, sprintean irabazi dio hari.

Les Franqueses proba jokatu da gaur, igandea, Katalunian, eta Oier Ibarguren txirrindularia nagusitu da lasterketan. 50 kilometro falta zirela, Adrien Maire frantziarrarekin ihes egin du azpeitiarrak, eta azkenean, sprintean irabazi dio hari.

Ibargurenek Euskadi Irratian azaldu duenez, "oso gogorra" izan da lasterketa. "Oso azkar irten gara, atake asko egon dira, erorketa dezente ere bai, eta horietatik libratu nahiz behintzat". 160 kilometroko ibilbidea izan da; zehazki, bost itzuli eman behar izan dizkiote zirkuitu bati. "Oso gogorra zen ibilbidea. Gainera, lasterketa hasi eta berehala atzeko balazta huts egiten hasi zait. Ez dut oso ondo pasatu, baina irabazi dut, eta gustura nago", adierazi du txirrindulariak.