Jolasen mailegu zerbitzua, haur guztien eskura

Ihintza Elustondo 2021ko api. 11a, 13:03
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Herriko haur guztiei zuzenduta, jolasen mailegu zerbitzua jarriko du martxan Azpeitiko Udalak bihar. 60 jolas inguru daude erabilgarri. Zerbitzu berri horren bidez, okerren pasatzen ari diren familietako haurrek ere jostailuak eskura izan ditzaten nahi dute, besteak beste.

Udal Liburutegian liburuak zein DVDak epealdi batez etxera eramateko aukera eskaintzen den bezala, aurrerantzean jostailuak ere hartu ahal izango dira maileguan Azpeitian. Nor da nor?, Twister, Bamboleo, Koloretako munstroa, bikote jolasak…. eta beste hainbat joku izango dituzte herriko haurrek eskura bihartik aurrera. Katalogo oparoa osatu dute jostailuen mailegutza zerbitzua martxan jartzeko; 60 bat jostailu izango dira aukeran, mahai jolasak horietako gehienak.

Konfinamendu garaian, herriko ludotekak itxita zeudela, ontzen hasitako zerbitzua izango da jostailuena: “Konfinamenduan, denok etxean geundela, ludotekan kaxetan geldirik genituen jokuak herriko etxe askotako haurrentzat erabilgarriak izan zitezkeela ohartu ginen, eta modu informal batean hasi genuen mailegutza”, adierazi du Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak. Azken hilabeteotan zerbitzuari forma ematen aritu dira, eta orain jarriko dute abian. Bereziki garrantzitsutzat jotzen du Larrañagak behar handiena duten familietara iristea: "Etxeko egoera ekonomiko zailak haurrengan ahalik eta eragin gutxiena izatea dugu helburu. Mailegutza zerbitzu honen bidez, astero jostailu ezberdin bat etxera eraman eta probatzeko aukera izango dute herriko haur guztiek", gaineratu du.

Bihartik aurrera izango da zerbitzu berria herriko haur guztientzat erabilgarri. Orain artean, proba gisa, ludoteketako bazkideek baliatu ahal izan dute zerbitzua, eta ongi funtzionatu duela ikusita, herritar denengana zabalduko dute. Euskararen erabilera sustatzea ere badu helburutzat mailegutzak, jolas guztiak euskaraz erabili daitezkeelako. Gainera, nahi eta ahal izatera, herriko dendetan eros daitezkeen jostailuak dira guztiak.

Funtzionamendu sinplea

Mailegutza zerbitzuan aurki daitezkeen jostailuen katalogoa www.azpeitia.eus webgunean aurki daiteke. Jostailua hartu ahal izateko, webgune berean dagoen galdetegia bete beharko da aste bakoitzeko osteguna baino lehen, eta ostiraletan jaso ahalko da jolasa, aukeratutako ludotekan. Hurrengo asteko asteartera arte izango dute jolasa itzultzeko epea. Edozein zalantza, informazio edo gomendio behar izatera, herriko ludoteketara joan daitezke herritarrak edo mezua idatz dezakete mailegutza@gmail.com helbidera.