Esleitu dituzte Arana eta Arana Goikoa arteko igogailuaren obrak

Ihintza Elustondo 2021ko api. 9a, 16:00
Igogailuaren proiektuaren irudia. (Azpeitiko Udala)

Construcciones Moyua SL enpresak irabazi du lehiaketa. Proiektuak 416.489,87 euroko aurrekontua du, eta zortzi hilabeteko epean egin beharko ditu obrak enpresak.

Arana eta Arana Goikoa arteko irisgarritasuna hobetzeko, igogailua egingo du gune horretan udalak. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin osatu zuen proiektua erakundeak, eta iazko udazkenean aurkeztu zitzaien auzotarrei egitasmoa. Haien oniritzia jaso ostean, lehiaketa publikoa abiatu zuen udalak urte hasieran, eta gaur jakinarazi dute Construcciones Moyua SL enpresri esleitu dizkiotela obrak. Bost eskaintza jaso dituzte, eta udaleko kontratazio mahaiak erabaki du "kalitate-prezio erlaziorik onena" duen egitasmoa Moyua enpresarena dela.

Proiektuak 416.489,87 euroko aurrekontua du, eta zortzi hilabeteko epea izango du enpresak obrak egiteko. Epe motzean hasiko dituzte lanak. Igogailua Arana Goikoako maldaren hasieran kokatuko da, eta bi solairu izango ditu. Bigarren solairuan, pasarela baten bidez, auzoaren goiko aldera joateko pasabidea egingo dute. Ondoren, azken etxeetarako padabidea egokituko dute, irisgarritasuna bermatzeko. 

Josu Labaka Hirigintza batzordeburuak azaldu duenez, inguru horretako irisgarritasuna "nabarmen hobetuko da" igogailu berriarekin. "Malda handiko gunea da, eta igogailuak auzotarren bizi kalitatean eragingo duela uste dugu", zehaztu du. Igogailuarekin batera, gainera, anbulatorioaren atzeko zubia irisgarriago egiteko lanak ere ari dira egiten.  "Zubiaren alde bat irisgarriago bilakatzeko lanak eginda ditugu, eta nabarmena da aldea. Aurten bigarren fasea egingo dugu", gaineratu du.