Koronabirusa Azpeitian

Azken astean egonkor eutsi zaio egoerari Azpeitian

Ihintza Elustondo-Amaia Urbieta 2021ko api. 9a, 13:22

Osakidetzak emandako datuen arabera, bi positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken astebetean hamalau positibo atzeman dituzte, aurrekoan baino hiru gehiago. Nahiko egonkor eutsi zaio egoerari; duela astebete, 151,11koa zen intzidentzia tasa, eta gaur-gaurkoz, 164,26koa. Eremu horian jarraitzen du Azpeitiak. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu dituen datuen arabera, bi positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken astebetean, guztira, hamalau positibo atzeman dituzte herrian, aurrekoan baino hiru gehiago. Azpeitian nahiko egonkor eutsi zaio egoerari; izan ere, duela astebete eta egun antzekoak dira intzidentzia tasak: duela astebete, 151,11koa zen zifra, eta gaur-gaurkoz, 164,26koa. Horrenbestez, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Azken egunotako joerari eutsi diote koronabirusaren bilakaera aztertzen duten datuek. Atzokoan, 41 positibo berri atzeman zituzten denera Urola Kosta eskualdean. Herenegun baino gutxiago izan baziren ere, oso altua izaten jarraitzen du kopuruak, eta herrietako intzidentzia tasek, orokorrean, gora egin dute.

Atzokoan ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: hamabost. Azken hiru egunetan, guztira, 56 kasu atzeman dituzte herri horretan, eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da bertako intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, 445,45ekoa da tasa herri horretan. Azkoitia ere eremu gorrian dago astearteaz geroztik, eta azken egunotako positibo gehien atzeman zituzten atzokoan herri horretan: 11. Hori horrela, dagoeneko larria zen tasa are gehiago igo da. 559,13koa da herri horretan orain hamalau eguneko kasu metatuen tasa. Zumaia ere sartu da gaurkoan datu kezkagarriak eman dituzten herrien zerrendan. Bederatzi kasu berrirekin, eremu horian sartu da kostako herria. Atzo 300dik beherakoa bazan ere, orain 335,81ekoa da intzidentzia tasa han. 

Gainontzeko kasuak Aian (1), Getarian (2) eta Zestoan (1) atzeman dituzte, eta herri horietako intzidentzia tasek ez dute gorabehera handirik izan. Eskualdeko beste herrietan ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan. 

1.000 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 13.901 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 1.075ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten kasu gehien atzokoan (334). Bizkaian 314 zenbatu zituzten, Nafarroan 283 eta Araban 140. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,4koa da azken datuen arabera, eta Nafarroakoa, berriz, %8,9koa.

Erietxeen egoeraren inguruko datuak ere kezkagarriak dira. Atzoko paziente kopuru berak jarraitzen du ospitaleratuta (366), baina aspaldiko ospitaleratze berri gehien izan dira azken egunean (74), eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ere azken asteotan egon den gaixo kopuru handiena dago (106).