Alaia Juaristi: "Izugarri gustura nago Europako Kopa jokatzea lortu dudalako"

Ihintza Elustondo 2021ko api. 9a, 11:20
Alaia Juaristi Belaguan jokatutako Espainiako Txapelketan. (Utzitakoa)

Iraupen eskiko denboraldia amaitu berri du Alaia Juaristik (Azpeitia, 2004), eta ez ditu nolanahiko emaitzak eskuratu aurtengo sasoian. Espainiako Txapelketan lehen postua eskuratu du bi modalitatetan, Espainiako Kopako txapelduna izan da eta bere buruari jarritako erronka nagusia ere bete du: Europako Kopara sailkatzea. "Gustura" dago kirolaria.

Duela gutxi Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketa jokatu duzu Belaguan (Nafarroa), 18 urtez azpikoen mailan. Sprintean eta estilo librean lehen postua eskuratu duzu, eta bigarren postua estilo klasikoan. Espainiako Kopa ere zuk irabazi duzu. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, noski. Dena den, berez ez ziren horiek nire aurtengo helburuak. Oso gustura nago domina horiek eskuratu ditudalako, baina nire aurtengo helburua berez beste bat zen: Europako Kopara joatea Espainiako Selekzioarekin. Denboraldi hasieran pentsatzen nuen ez nuela lortuko, helburu handiegia jarri niola neure buruari, baina azkenean lortu nuen, eta izugarri gustura nago horregatik. Europako Kopa jokatu eta hiru astera izan zen Espainiako Txapelketa, eta nire helburua bete zenez, ez ninduen kezkatzen Espainiako Txapelketan emaitza onak ez eskuratzeak; izan ere, beteta sentitzen nintzen Europako Kopara sailkatu nintzelako. Hala ere, lehiatzeko momentua iritsi zenean ahal nuen dena eman nuen, eta, azkenean, emaitza onak lortu nituen Espainiako Txapelketan ere.

Zer moduz joan zen Europako Kopa?

Frantziako Premanon herrian jokatu nuen Europako Kopa. Berez 18 urtez azpikoen mailan lehiatu behar nuen, baina maila horretako txapelketa bertan behera gelditu zen. Horregatik, jende zaharragoarekin lehiatu nintzen, 20 urtekoen mailan. Azken Europako Kopetako bat izan zen jokatutakoa, eta kirolari oso onak joan ziren lehiatzera, maila handikoak. Entrenatzaileek esan zidaten esperientzia hartzeko eta presio gabe lehiatzeko. Larunbatean eta igandean izan ziren lasterketak. Larunbatean, lasterketa ona egin nuen, gustura gelditu nintzen. Igandean, berriz, hamar kilometroko proba jokatu nuen, eta ni ez nago distantzia horietara ohituta, 5 eta 7,5 kilometroko lasterketak egitera ohituta bainago. Azkarregi hasi nintzen, eta asko sufritu nuen; oso nekatuta bukatu nuen. Baina beno, oso gustura nago hara joatea lortu nuelako; esperientzia hartzeko balio izan zidan Europako Kopak. Lagun onak egin nituen, eta oso pozik nago.

Pena izango duzu 18 urtez azpikoen kategorian lehiatu ezin izan zinelako...

Bai. Ni baino lau urte zaharragoak ziren aurkari batzuk, eta lau urte asko dira. Nahiago nukeen nire kategorian lehiatu, baina ea hurrengo urtean posible den. 

Neguko denboraldia bukatu duzu. Zer egingo duzu orain?

Apirilean atseden aktiboa egiten dugu; hau da, kirola egiten dugu, baina lasaiago, beste modu batera: lagunekin mendira joan, bizikletan ibili... Rollerskia ez dugu egiten hil honetan normalean, eskiatzetik pixka bat deskonektatzeko. Hasieran zaila egiten zait eskia alde batera uztea. Denboraldia igande batean bukatu nuen, eta astelehenean entrenatzaileari galdetu nion ea zer egin behar nuen. Esan zidan atsedenarekin hasten ginela, eta sekulak shocka izan zen. Kostatu egin zitzaidan hori barneratzea. Baina ari naiz egoerara ohitzen eta kirola lasaiago hartzen. Hilabete honetako atseden aktiboaren ostean, maiatzean hasi ohi gara rollerskiarekin. Udan ere kirol asko egin ohi dut; batez ere, rollerskia, mendian korrika, bizikleta eta gimnasioa.

Noiz hasiko duzu rollerskiko denboraldia?

Normalean irailean edo urrian hasi ohi da, eta hilabete bat edo bi irauten du sasoiak. Dena den, izurritea tarteko, iaz ez genituen beste urteetan bezainbeste lasterketa jokatu. Iaz, Espainiako Txapelketa soilik jokatu zen, gainontzeko probak ez ziren egin. Hala ere, esperantza daukat aurten jokatuko direla.

Koronabirusa dela eta, denboraldi berezia izango zen aurtengoa, ezta?

Bai. Egoera honetan, zaila da motibazioari eustea. Euskal Herrian bizita ezin dugu egunero eskiatu, eta horrek zaildu egiten du entrenatzea. Bestalde, asteburuetan lasterketak ez baldin badaude, kostatu egiten da entrenamenduetan lehen bezala saiatzea, serieak egitea... Hala eta guztiz, lortu genuen astebururo Jakara [Espainia] entrenatzera joateko baimena. Eskerrak; izan ere, bestela ezinezkoa litzateke denboraldia aurrera ateratzea. Dena den, izan genuen ezusteko bat.

Zer ezusteko?

Egun batean, Jakatik Somportera [Frantzia] igaro behar genuen, eta poliziak gelditu gintuen. COVID-19ari lotutako Euskal Herriko datuak oso txarrak ziren orduan, eta esan ziguten ezin genuela han egon. Aragoiko poliziarekin hitz eginda geunden aurretik, eta azkenean isildu egin ziren. Baina sekulako sustoa hartu genuen.

Anaia Hodei ere hasi da zure bidea jarraitzen. Hura ere lehiatu da Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketan.

Bai, hala da. Haurrak ginela elkarrekin hasi ginen eskiatzen, baina bere helburua sekula ez da izan kirol horretan lehiatzea, beste kirol batzuk ere praktikatzen dituelako. Nik, adibidez, kirol asko eta ezberdinak egiten ditut, baina entrenamendu guztien helburua da eskiatzen hobetzea. Hodei, berriz, Iraurgirekin aritzen da saskibaloian, eta nahiz eta oso ondo pasatzen duen eskiatzen, ez dago horretan bakarrik zentratuta.

Dena den, nahiko emaitza onak lortu zituen Espainiako Txapelketan, 16 urtez azpikoen mailan: zazpigarren sailkatu zen sprintean eta bederatzigarren estilo librean.

Bai. Hala ere, uste dut hobeto egin zezakeela. Izan ere, finalaurrekoan erori egin zen, eta ezin izan zuen finalera sailkatu.