'Norberak eraikitzea. Lana eta jolasa' tailerra emango dute Dinamoan

Ihintza Elustondo 2021ko api. 8a, 16:06
Antonio Ballester Morenoren lan bat. (Arteinformado)

Antonio Ballester Morenoren lan prozesura hurbiltzeko aukera izango dute ikastaroan parte hartzen dutenek, eta produkzio lana ere egingo dute. Interesatuek apirilaren 30era bitartean eman dezakete izena.

Ikastaro berri bat antolatu du Kulturaz kooperatibak: Norberak eraikitzea. Lana eta jolasa izenekoa, hain zuzen ere. Izaera bikoitza du tailerrak: alde batetik, artista tailerra izango da, eta Antonio Ballester Morenoren lan prozesuetara hurbiltzeko aukera izango dute partaideek; baina, bestetik, produkzio tailerra ere izango da, eta haren lana ekoizten parte hartu ahalko dute izena ematen dutenek. Elkarlanean oinarritutako praktikak askotan izan dira Ballester Morenoren lanaren ardatz, betiere sormena ikasketaren dinamo hartuz.

Gasteizko Artium museoarekin elkarlanean antolatu du tailerra Kulturazek, eta badu beste helburu bat ere ikastaroak, Kulturazeko kideek azaldu dutenez: "Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Esperientzia. Lana eta jolasa erakusketan aurkeztuko den serigrafiaz egindako mosaiko handi baten produkzio kolektiboari heltzea. Proiektu honetan erakusketari aparatu gisa eusten dioten arau komunak hartzen ditu artistak lanerako gai". Tailerrean ondutakoaren emaitza izango den erakusketa uztailean irekiko dute, Artiumen.

Modu horretara, "tailerra elkarrizketarako eta batera lan egiteko leku" bihurtu nahi dute, "artistaren lan egiteko modua beste egiteko modu batzuekin harremanetan jarriz".

Izen ematea, zabalik

Maiatzaren 4tik 8ra bitartean egingo dute tailerra, Dinamoa sormen gunean; egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango dira saioak. Gehienez, zortzi lagunentzako lekua egongo da. Soldatadunek 60 euro ordaindu beharko dute, eta soldatagabeek 30. Interesatuek apirilaren 30era bitartean eman dezakete izena, hemen. Zalantzaren bat dutenek dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi edo 674 16 56 82 telefonora dei dezakete.

Antonio Ballester Moreno Madrilen (Espainia) jaio zen 1977an. Era horretako proiektuetan lan egin du lehen ere, besteak beste Sao Pauloko (Brasil) Biurtekorako egindako sentido/comum proiektuan, 2018an; Zapopan Museoan, Sin intencionalidad, proposito o finalidad erakusketan, edo La Casa Encendidan, ¡Vivan los campos libres de España! proiektuan.