Martxan da Garmendi auzuneko 9. eta 13. etxe atarien ingurua hobetzeko lehiaketa publikoa

Ihintza Elustondo 2021ko api. 8a, 12:05
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Udalak obrak egingo ditu Garmendi auzunean, 9. eta 13. zenbakidun etxe atarien ingurua eta bidegorrirako sarbidea egokitzeko. Apirilaren 12ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lan horiek egiteko eskaintzak.

Azpeitiko Udalak obrak egingo ditu Garmendi auzuneko 9. eta 13. zenbakidun etxe atarien ingurua eta bidegorrirako sarbidea egokitzeko nahiz irisgarriago egiteko. Martxan da lan horiek egiteko lehiaketa publikoa, eta eskaintzak apirilaren 12ra –astelehena– bitartean aurkeztu ahal izango dira.

Obra horien bidez, etxe atarien inguruko urbanizazioa eta errepidea hobetzean, inguruko irisgarritasuna ere hobetuko dela azaldu du udalak. Erakundearen arabera, "herritarren bizi kalitatean eragin zuzena" izango dute lan horiek. Horrez gain, bidegorrirako sarrera ere irisgarriagoa izatea lortu nahi dute, baita ur estoldak egokitzen jarraitzea ere.

Obren aurrekontua 323.700,46 eurokoa da, eta lanak egiteko hamahiru asteko epea izango du esleipendunak.