Heriotza eta dolua lantzeko hainbat saio izango dira datozen egunetan

Ihintza Elustondo 2021ko api. 7a, 09:30
'Los demas dias' dokumentaleko une bat.

Amalur elkarteak Urbizixa proiektu sozialarekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu ditu heriotzaren gaia lantzeko. Apirilean zehar, zineforuma, Death Cafe saioa, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia eta hitzaldia izango dira. Saioetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da.

Dolua eta heriotza lantzeko, hainbat ekintza izango dira datozen egunetan Azpeitian. Death Cafe saioen sustatzaileek osatu dute egitaraua, eta askotariko ekintzak prestatu dituzte heriotzaren inguruan naturaltasunez aritzeko. 

Ostiralean, apirilak 9, izango da lehen saioa; hain zuzen ere, Los demas dias filma emango dute Soreasu antzokian. Carlos Agullok zuzendutako dokumentala da, 2017an Espainian ekoitzia. Zainketa aringarrietako mediku Pablo Iglesias doktorearen lana du oinarri, eta beraz, heriotzaren gaia lantzeko ikus-entzunezko aproposa da. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta ondoren, solasaldia izango da. Lotura honetan eskura daitezke emanaldirako sarrerak.

Datorren asteartean, apirilak 13, egingo dute bigarren ekintza. Ohiko Death Cafe saioa izango da Basazabal jauregian, 18:00etan hasita. Doan izango da sarrera.

Era berean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute apirilaren 18an Soreasu antzokian. 16:00etan eta 18:30ean izango dira saioak, eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Saio hori Uztaro haur eskolako guraso elkartearekin elkarlanean antolatu dute.

Ekintzekin amaitzeko, Dolubidetik bizitzara hitzaldia emango du Iñaki Arregi Izanek Azoka Plaza gaineko aretoan. Apirilaren 20an izango da solasaldia, 18:00etan hasita.

Saio horietakoren batean parte hartu nahi duenak aurrez izena eman behar du, 627 11 78 19 telefonora deituta.