Koronabirusa Azpeitian

Bederatzi positibo berrirekin, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 6a, 13:32

Azken bost egunetan bederatzi positibo zenbatu dituzte herrian, eta 151,42koa da intzidentzia tasa. Zifra horrek ez du asko egin gora; izan ere, 144,55ekoa zen intzidentzia tasa martxoaren 31n. Eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Azken egunetan herrikako datuen berri eman gabe zegoen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, jaiegunak izan direlako. Gaur, ordea, azken bost egunetakoak ezagutu dira, hain zuzen, apirilaren 1etik 5era artekoak, eta eskualdean ia ehun kasu berri agertu dira egindako PCR eta antigeno probetan; 97 kasu izan dira, zehazki.

Azpeitian, bederatzi positibo zenbatu dituzte azken egunetan: hiru apirilaren 1ean, bat apirilaren 3an, bi apirilaren 4an eta hiru atzo. Gaur-gaurkoz, 151,42koa da intzidentzia tasa herrian. Kopuru horrek ez du egin asko gora; izan ere, 144,55ekoa zen intzidentzia tasa martxoaren 31n. Beraz, egonkor eutsi zaio egoerari egunotan, eta eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Urola Kosta osoa kontuan hartuta, Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; 32 hain zuzen ere. Hiruna kasu baieztatu zituzten apirilaren 1ean eta 2an, zazpi kasu apirilaren 3an, hamar apirilaren 4an, eta bederatzi atzo. 278,41eko tasa dauka herri horrek. Azkoitian ere nabarmen egin dute gora kasuek; 24 zenbatu dituzte azken bost egunetan: hiru apirilaren 1ean, seina hurrengo bi egunetan, bost hilaren 4an, eta lau atzo. Hala, eremu laranjan kokatu da herria, 100.000 biztanleko hamalau eguneko 358,84eko intzidentzia tasa metatuarekin.

Aian hiru positibo zenbatu dituzte azken egunetan (tasa 755,67an kokatu da), Aizarnazabalen bakarra (130,04koa da tasa), Getarian zazpi kasu (459,36ko tasa), Orion bederatzi (212ko tasa), Zestoan bost kasu (256,81eko tasa) eta Zumaian zazpi kasu (234,05eko tasa dute).

Beizaman eta Errezilen, bestalde, ez dute positiborik zenbatu, eta hutsean dago 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua bi herri horietan.

Eskualdeko herri askotan okerrera egin dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasek, martxoaren 31ko azken datuekin alderatzen badira. Azkoitian 166,9tik 358,84ra igo da tasa; Getarian 106,01etik 459,36era; Orion 81,54etik 212ra; Zumaian 162,82tik 234,05era; eta Aian 604,53tik 755,67ra, esaterako.

Positibotasun tasa %8,7an

Apirilaren 2tik 5era 24.496 PCR eta antigeno proba egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta positibotasun tasa %9,7tik %7,5era jaitsi bazen ere hasieran, gaur-gaurkoz %8,7an dago.

Atzoko datuei erreparatuta, hiru lurralde horietan 529 positibo berri zenbatu zituzten 6.063 proba eginda, horietatik 88 Araban, 219 Bizkaian eta 213 Gipuzkoan. Beste lurralde batzuetako bederatzi positibo ere zenbatu zituzten.

Nafarroan, berriz, 178 positibo zenbatu zituzten atzo, eta positibotasuna %8,3an dago. Datu baikorra da, azken egunetan tasak %9,8tik  %11,1era egin zuelako gora.

Osakidetzak jakitera eman duenez, atzo beste 50 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira 364 lagun daude Osakidetzaren erietxeetan ingresatuta, horietatik 105 ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan.