Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea luzatu dute

Ihintza Elustondo 2021ko api. 6a, 08:56
2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko irudi bat.

Izen emate arrunta ostegunera arte luzatu dute, eta gaur gauera arte eskatu ahalko dira maskarak eta kamisetak. Bestalde, gaur Sanagustin kulturgunean jartzekoak ziren erakusketa ostegunean zabalduko dute.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek proban izena emateko epea luzatu dute. Aurtengo lasterketa birtuala izango da, koronabirusak eragindako osasun egoera dela eta. Dagoeneko ia 300  lagunek eman dute izena, eta bidalketak "uste baino errazago" egiten ari direnez, izen emate epea luzatu dute. Oraindik nahikoa "maskara eta kamiseta" dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta horrenbestez, gaur –asteartea– gauera arte eman ahalko da izena horiek eskuratzeko. Izen emate arrunta, bestalde, apirilaren 8ra –osteguna– arte luzatu dute. Hemen eman daiteke izena.

Antolatzaileak hasi dira maskarak eta kamisetak bidaltzen etxeetara, eta haiek gogorarazi dute denda laguntzaileetan ere eskura daitezkeela horiek. Honako saltoki hauetan eskura daiteke material hori: Azkoitiko Plaza Berri Sporten, Azpeitiko Santi Lazkanon, Donostiako Robers Kirolaken, Gasteizko RunningFizen, eta Bilboko eta Vigoko (Galizia) Bikila dendetan.

Izena emateko hainbat modu

Izena emateko lau modu zabaldu ditu antolakuntzak, eta bakoitzak bere prezioa izango du. Izen emate arrunta egiten duenak lau euro ordaindu beharko du. Lasterketa birtualerako aplikazioa zein dortsala deskargatzeko, entrenamenduak egiteko eta lasterketa birtuala egiteko aukera izango dute izen emate arrunta egiten dutenek. Probako zerbitzu berdinekin, maskara eta kamiseta eskuratzeko aukera ere eman ditu Azkoitia-Azpeitia probak. 10 euro ordaintzen duenak maskara jasoko du eta 18 euro ordainduta kamiseta. 25 euro ordaintzen duenak, bestalde, kamiseta eta maskara, biak lortuko ditu.

Lasterketa birtuala apirilaren 8tik 11ra bitartean egin beharko da, eta proba egiteko aukera bakarra egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Dagoeneko deskargatu daiteke lasterketa birtuala egiteko APPa Android zein IOS gailuetan. Era berean, egin beharreko distantzia "ondo" aukeratzeko eskatu dute antolakuntzako kideek, gero atzera egiteko aukerarik ez baita ematen aplikazioak.

Erakusketa atzeratu dute

Bestalde, gaur ziren Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren inguruko erakusketa jartzekoak Sanagustin kulturgunean, baina antolatzaileek jakinarazi dute azkenean ostegunean –hilak 8– zabalduko dutela. Horrez gain, Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Ione Basterra omentzeko lore eskaintza egingo dute igandean –apirilak 11–, 13:00etan, Diego Garciaren estatuan.