Koronabirusa Azpeitian

Kutsatze tasa %9,1ekoa da Hego Euskal Herrian

Herenegun Hego Euskal Herrian egindako probetan baino kasu positibo gutxiago atzeman dituzte. 800 lagun baino gehiagok eman zuten positibo osteguneko probetan, eta 725 pertsonak atzokoetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak duela minutu gutxi eman dute atzoko probetan hautemandako kasu positiboen informazioa. Hego Euskal Herrian 725 positibo zenbatu zituzten 7.976 PCR eta antigeno test egin ondoren. Gaixotasuna detektatzeko proba egin zuten hamar lagunetik ia batek eman zuen atzo positibo, positibotasun tasa %9,1ekoa baita.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5.411 proba egin zituzten, eta 524 kasu baieztatu. Lurraldeka aztertuta, azken asteetako joerari eutsi zioten positiboek, izan ere, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien; 213 kasu detektatu zituzten han. Gipuzkoan, berriz, 197 kasu zenbatu zituzten eta 105 positibo Araban. Hiru lurralde horietako positibotasun tasa %9,7koa dela jakinarazi du Osasun Sailak. Nafarroan, berriz, 2.565 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 201 positibo atzeman; kutsatze tasa, beraz, %7,8koa da Nafarroan.

Ospitaleen egoerari buruzko informazioa ere helarazi du Osasun Sailak. "COVID-19aren ondorioz" 48 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Era berean, gogorarazi du "COVID-19a duten" 93 pertsona daudela uneotan Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide