Realaren edo Athleticen alde, finalaren esperoan dira zaleak

Julene Frantzesena, Andoni Elduaien eta Aitziber Arzallus 2021ko api. 2a, 16:41

Ikusmin handia sortu du Realak eta Athleticek bihar, zapatua, jokatuko duten Espainiako Errege Koparen finalak. Dagoeneko ikus daitezke bi taldeen banderak herriko zenbait etxetako balkoietan, eta zaleak ere partidaren ordua iristeko zain dira. Talde txuri-urdinaren nahiz talde zuri-gorriaren zale batzuekin hitz egin du Uztarria.eus-ek finalaren atarian.

Iñigo Orbegozo eta Artzai Ostolaza: "Realak irabazten duen bitartean, emaitza ez zait gehiegi inporta"

Orbegozo eta Ostolaza Realaren banderarekin.

Orbegozo: "Joan den urtean lagunekin Sevillara joatekoa nintzen finala ikustera, bidaia eta dena hartuta genituen, eta azkenean ezin izan genuen joan. Horrelako partida bat bertatik bertara ikustea sekulakoa izango da, eta alde horretatik pena da, berez egon beharko lukeen girorik ez delako egongo ez zelaian, ez kalean, ez tabernetan. Zentzu horretan, giroa tristeagoa dago, baina, hala ere, gogotsu nago partida egunerako. Etxetik ikusi beharko dugu, neurriek ez dutelako beste aukerarik uzten, baina saiatuko gara taldea ahalik eta gehien animatzen. Realak irabazten duen bitartean, emaitza ez zait gehiegi inporta".

Ostolaza: "Sekulako gogoa daukat finalaren eguna iristeko. Pena da egoera honetan jokatu beharra, baina taldearen egoerari begiratuta, nik uste Realari mesede egingo diola finala urtebete atzeratu izanak, taldea orain urtebete baino askoz hobeto ikusten dudalako orain. Ziur naiz irabaziko dugula; 0 eta 1 da nire kiniela, hala jarrita daukat normalean partidak ikustera joaten naizen Atseden tabernan ere. Oraingoan, neurriengatik eta ordutegiagatik, etxetik ikusi beharko dugu, ez dago beste erremediorik, baina, hala ere, auzoan giro polita sortuko dela uste dut; zarata pixka bat aterako dugu partidaren unean. Sanjuandegin bizi naiz, Jose Antonio Agire plazan, eta balkoietan-eta antzematen da giroa. Neuk ere Realeko bandera eta ikurriña balkoian jarrita dauzkat dagoeneko, 1976an Atotxan jokatu zuten derbi mitiko hari omenaldia eginez. Konformatuko nintzateke orduko emaitzarekin ere, Realak 5 eta 0 irabazi baitzuen".

Juan Mari Astigarraga: "Gehiegi sufrituko dudala uste dut"

Realzalea da Astigarraga.

"Finala gerturatzen ari den heinean, giroa berotzen ari da. Iazko finala izanagatik, aurten jokatuko da, eta saltsa izango da; ederra izango da. Finala ikusteko gogoa badut eta ez dut; izan ere, gehiegi sufrituko dudala uste dut. Dena den, ikusi egingo dut, eta Realak irabaztea espero dut. Finala etxean ikusiko dut, ahal bada bakar-bakarrik. Egia esan, banuen Reala Errege Kopako finalera sailkatzeko gogoa, azken aldiz duela 34 urte sailkatu zen eta".

Ane Olabarria: "Athleticek irabazten badu, ez dit axola emaitzak"

Ane Olabarria –eskuinean- izebarekin Athleticek eta Granadak iaz jokatu zuten finalaurrekoan.

"Finalaren atarian giro arraroa somatzen dut, nahiz eta balkoietan bi taldeetako zaleen ilusioak hor jarraitzen duela ikus daitekeen. Pena sentitzen dut behin bi taldeak finalera iritsita horrela bizi beharra dugulako, baina esan bezala, ilusioak hor jarraitzen du. Aurten ezin izango gara Sevillara joan finala zuzenean ikustera, baina aurreko urtean Athleticen finalaurrekoa Granadan ikusteko aukera izan nuen, eta gustura sentitzen naiz horrekin; izan ere, gozatu ederra hartu nuen. Urte osoa egun honen zain egon naiz, eta Bilbon bizi naizenez, asteak daramatzagu giroa berotzen. Irakaslea naiz, eta aurreko astean merezitako garrantzia eman genion partidari: azken egunean, Athleticeko kamisetarekin joan ginen eskolara eta taldearen ereserkia gogotsu abestu genuen; gainera, Realaren ereserkia ere jarri genuen, ikasle realzale bat badudalako. Txalotzekoa izan zen ikasleek beraien artean erakutsi zuten errespetua. Biharkoari begira, berriz, Athleticek irabazten badu, ez dit axola emaitzak. Hala ere, nahiago dut asko sufritzen ez badugu. Finala Bilbon ikusiko dut, nire pisukide athleticzalearekin. Azpeitian, gure etxean, jada jarri ditugu hiru banderak: bi taldeenak eta ikurriña. Izan ere etxean Realekoak dira anaia eta aita, eta ama eta ni Athletikekoak gara: beraz, hasieratik genekien finala elkarrekin ikustea ez zela ideia ona izango. Iazko Errege Kopako filan-laurdenak egun berean jokatu zituzten Athleticek eta Realak, eta bi partida haiek baina lehenago, osaba realzale baten deia jaso nuen. Zera esan zidan: 'Imajinatu final-laurdenetan Real Madrid eta Bartzelona garaitu, final-erdiak ere biek irabazi, eta Sevillan elkar ikusten garela!'. Momentu hartan utopia zena, egia bihurtu zen, eta ezin naiz gustorago sentitu. Ea benetan ametsa bizitzeko aukera dudan bihar".

Eguzkiñe Peña: "Bi taldeak oso sendo daude, edozer gauza pasatu daiteke"

Realeko jokalari ohia da Peña.

"Jendea finalerako gogotsu dago. Egoera xelebrea izan arren, futbola gustoko dugun euskaldun gehienok biharko egunaren esperoan gaudela iruditzen zait. Egun polita izango da bi taldeetako kide eta zaletu guztientzat; nik finala aitarekin etxean ikusteko asmoa daukat.  Bi taldeak oso sendo daude, edozer gauza pasatu daiteke, baina Realak irabaztea nahi eta espero dut. Realeko mutilak gauzak ondo egiten ari direla iruditzen zait: etxeko jokalari askorekin osaturik dago taldea eta urteetan ematen ari zen mailarekin aurreikus zitekeen horrelako egun bat iristear zela. 2019an Realeko emakumeen taldeak Kopako finalera iristea eta ligako talde onenaren aurka irabaztea lortu zuen bezelaxe, oraingo honetan kopa txuri-urdinentzat izango dela espero dut".

Iñigo Arregi: "Realak irabaztea nahi dut eta ziur nago hala izango dela"

Lagun Onakeko presidentea da Arregi.

"Giroa badago, baina ez egon behar lukeen bezalakoa; izan ere, finala ikuslerik gabe izateak asko baldintzatzen du dena. Beste egoera batean egon izan bagina, honezkero jendea bidaia prestatzen edo Sevillara iritsita izango zen, baina hala aurten hola egokitu da eta horrelaxe jokatu beharko dute. Finala ikusteko gogoz nago; egia esan, final guztiak izaten dira ederrak, baina kasu honetan Reala eta Athletic izanda, eta realzalea izanik, badut biharkorako gogoa. Realak irabaztea nahi dut eta ziur nago hala izango dela. Realak talde hobea dauka, baina finala finala da, eta partida batera izaten denez, edozeinek irabaz dezake. Denok bezala, etxean ikusi beharko dut finala. Hori da pena ematen didan beste gauzetako bat: ederra litzatekeen lagun artean ikustea. Banderarik ez dut jarri etxean, ez dudalako balkoian ezer jartzeko ohiturarik, baina bihotzean daukat sentimendua. Realak urte onak bizi izan ditu, baina gaur egungo futbolean ez da erraza final batera iristea; izan ere, diruak agintzen du, talde handiek dituzte jokalari onenak eta talde txikientzat gero eta zailagoa da egoera. Baina Reala ondo ari da lanean, eta espero dut beste final batzuetara ere iritsiko dela".

Koldo Salegi: "Final deskafeinatu samarra izango da, nahiz eta inoiz baino garrantzia handiagoa duen irabazteak"

Athleticzalea da Salegi.

"Giroa xelebrea da, inondik inora. Guk badakigu final bat egoera normalean bizitzea zer den: partidaren aurreko poteoak, bi afizioak elkarrekin, denak irabazle sentitzen diren une horiek... Final deskafeinatu samarra izango da, nahiz eta inoiz baino garrantzia handiagoa duen irabazteak. Egia esan, aste hauetan ematen ari diren latarekin finala ikusteko gogoa dezente joan zait; izan ere, badirudi orain ez dagoela murrizketa sozialik eta jendea finalarekin soilik arduratzea lortu dute. Dena den, ikusi egingo dut, etxean, distantzia sozialak errespetatuz: bi realzale eta bi athleticzale izango gara. Eta noski, Athleticek irabaztea espero dut. Gainera, uste dut luzapenean irabaziko duela partida, Raul Garciaren gol bati esker. Reala finalera iristea ez da sorpresa izan daukan taldea daukalako, eta egia esan, aurten UEFA irabazteko hautagai ikusten nuen taldea; Errege Kopa ez, ordea".

Mikel Aranburu: "Inbidia baino pena gehiago sentitzen dut, ikuslerik gabe izateak asko kentzen diolako finalari"

Mikel Aranburu Realeko jokalari ohia.

"Hilabete askotan alde batera utzita izan da zapatuko partida, baina azken asteetan, partida gerturatzen ari zen bezala, giroa berotzen eta tentsioa handitzen joan dira. Nire inguruko realzaleen eta athleticzaleen artean finala irabazteko gogo galanta sumatzen dut, baina uste dut galtzeko beldurra ere dezentea dutela bi aldeetan. Egia esan, partida ikusteko gogoz nago, final handia izanik osagai guztiak dituelako: Reala maila oso ona ematen ari da azken bi denboraldietan, eta aurten ere bai; Athletic, berriz, ligan hain ondo ez egonagatik, erakutsi du Kopako beste final batera iritsi dela, eta gainera, Superkopa irabazi du. Bi taldeek jokatzeko modu oso desberdina dute, baina zerbaitegatik daude biak finalean; beraz, ikusiko dugu jokoa nork ematen duen bere lurretara eta zein modaltzen den ondoen. Dena den, Reala hobeto moldatuko den esperantza daukat. Emaitza zein izango den ez dakit nik, eta beste inork ere ez duela jakingo uste dut, baina Realak aukerak sortzeko erraztasuna duela erakutsi du, eta denboraldi honetan, gehienetan, aurkaria baino gehiago dela ere bai. Iaz hasi ginen finalerako planak egiten, Sevillara joatea genuen buruan; izan ere, horrelako final bat ez da urtero jokatzen eta orain arte Realak eta Athleticek sekula ez dute jokatu Kopako finalik. Aurten ezinezkoa izango da, ordea, Sevillara joatea, eta telebistaz ikusi beharko dugu partida, pena handiz. Gure garaia pasatu zen, jokatu beharreko partidak jokatu genituen, baina futbolaria zaren sasoian horrelako norgehiagoka bat jokatzea oso polita izango da. Pena handiena da behin finalera iristeko ibilbide hori egin, urtebete zain egon, eta zaleek eta jokalariek ez dutela izango harmailetan egoteko eta giro hori bizitzeko aukerarik. Hori dela eta, inbidia baino pena gehiago sentitzen dut, ikuslerik gabe izateak asko kentzen diolako finalari. Baina gauden egoeran egonda, etxetik jarraituko dugu, eta ea Reala zerbait handia lortzeko gai den aurten".

Margari Zendoia: "Finala eskandalurik gabeko partida izatea nahi dut"

Athleticeko jarraitzailea da Zendoia.

"Gu ez ginen Sevillara joatekoak, baina oraindik ere jendea triste dago; nahiago genuen futbola beti bezala jarraitzaileak harmailetan zirela ikustea. Halere, uste dut hobe dela finala modu honetan bada ere jokatzea, ez jokatzea baino; behintzat, iritsi da azkenean partida jokatzeko ordua. Finala etxean ikusiko dugu, eta ari gara etxeko finala prestatzen, noski; balkoian Athleticeko banderak-eta jarri ditugu. Sekulako gogoa dut biharko eguna iristeko. Realari irabazi eta finala ospatzea egokitzen bada, etxe mailan egingo ditugu ospakizunak, ezin da-eta ezer gehiago egin. Bihar Athleticek irabaziko duelakoan nago, eta nire pronostikoa 2 eta 1 da, zuri-gorrien aldekoa. Halere, finala eskandalurik gabeko partida izatea nahi dut, neurketa garbia nahi dut izatea."

Maite De Sosa: "Hiru aldiz ezeztatu behar izan dut Sevillara joateko bidaia"

Maite De Sosa Maite Taldea lagun-taldeko kidea da.

"Urduri eta ilusioarekin bizi dut biharko finala, gogotsu nago biharko eguna iristeko. Baina gauza bat argi dut: Realak merezi du biharkoa irabaztea. Sevillara joatekoa nintzen iaz, eta hiru aldiz ezeztatu behar izan dut hara joateko bidaia. Donostiako Maite Taldea lagun-taldeko kidea naiz, eta normalean Reala ikustera bi edo hiru irteera egiten ditugu urtean; atzerrian ere egona naiz Realarekin. Finala etxean ari gara prestatzen; banderak, Realeko kamisetak zein bufandak jarri ditut leihoan eta balkoian, eta Epi eta Blas panpinak ere ipini ditut Realeko arropekin jantzita. Finala etxean ikusi beharko dugu ezinbestean, baina garaipena ospatzeko hozkailuan gordeta edukiko dut txanpaina botila bat badaezpada ere. Realak kopa irabazten badu, uste dut negar egingo dudala, eta lagunei zein familiako kideei deituko diedala, emozioak elkarbanatzeko. 3 eta 1 irabaziko dute gure mutilek."