Arrastoa utzi duten bi atleta

Ione Basterra, 2015ean. (Argazkia: Alberto Beloki)

Alejandro Gomezi eskainiko diote aurtengo Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia, eta aurrerantzean Ione Basterra saria deituko diote esku bizikleta lasterketari. Aitziber Arzallus kazetariak 'Gipuzkoako Hitza'-rako egin du erreportajea.

Berezia izango da Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren XXVIII. lasterketa. Berezia testuinguruagatik, urtebeteko etenaren ondoren proba gauzatzea erabaki dutelako, baina modu birtualean. Eta berezia bi izen nagusituko direlako guztien gainetik: Alejandro Gomez (Vigo, Galizia, 1967-2021) eta Ione Basterra (Orozko, Bizkaia, 1996-2019). Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiarekin lotura estua zuten atletak biak. 2019an hil zen Basterra, eta aurten, Gomez. Horregatik, omenaldi gisa, aurtengo eta datorren urteko probak Gomezi eskaintzea erabaki du antolakuntzak, eta maratoi erdiaren barruan jokatzen den esku bizikleta probari Ione Basterra saria izena jartzea; hala deituko diote aurrerantzean.

Gomez nor zen azaltzeko eskatuta, Diego Garcia atleta azkoitiarraren (1961-2001) izena ekarri du ahora, ezinbestean, Agustin Jimenez probaren antolatzaile taldeko kideak. Garcia, maratoian munduko atleta onenetakoa ez ezik, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren sortzailea izan zen, eta Gomez eta biak lagun minak ziren. Areago, Gomezen besoetan hil zen Garcia, 2001eko martxoaren 31n, maratoi erdiaren bezperan. Jimenezek kontatu duenez, gaztetan ezagutu zuten elkar, krosean eta pistako lasterketetan parte hartzen zuten garaian. "Diegok bultzatu zituen gainontzekoak maratoira, hura izan zen bidegilea". "Gainontzekoak" dioenean, Gomez, Martin Fiz eta Abel Antoni buruz ari da hizketan, besteak beste. "Lagunak batzeko sekulako gaitasuna zuen Garciak, eta hemen izaten ziren munduko atletarik onenak".

Garcia hil ondoren ere, Gomezek lasterketan parte hartzen jarraitu zuen, "eta ez zen beste atleta guztiak joan ohi diren hotelera joaten, Diegoren etxera baizik; familiakotzat zuten". Azkenekoz, 2019an izan zen Garciaren etxean, haren semearekin batera. Ez orduan, baina Azkoitia-Azpeitia irabazitakoa da galiziarra, 1999an. "Urte batean, nahastu, helmuga baino lehen gelditu, eta ihes egin zion txapelak, baina hurrengoan ez zuen barkatu".

Borrokalari sutsua zela gogoratu du, "sekula etsitzen ez duten horietakoa", eta 2020ko ekainean garuneko minbizia diagnostikatu ziotenean ere jarrera hori hartu zuela. "Gaitz sendaezina izan arren, tratamendu esperimental batekin probatzeko aukera izan zuen, eta, ahal izan zuen bitartean, ez zion kirola egiteari utzi". Horregatik jarri diote aurtengo lasterketari Aupa! leloa, "Gomezen balioak ezin hobeto islatzen dituelako, eta gizarteari bultzada bat ematearren".

Alejandro Gomez zena, ezkerrean gorriz. (Argazkia: Alberto Beloki)

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide