Corrugados Azpeitiaren orubean industria jarduera berriro martxan jartzea ezinezkoa dela adierazi du ELAk

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 15:41

Europako Zuzentarauek, EAEko Lurralde Antolaketa Planek eta Azpeitiko hirigintza arauek ez dutela ahalbideratzen adierazi du sindikatuak. Era berean, Jaurlaritzari "benetako alternatibak lantzeko indarrak jartzeko" eskatu dio.

ELA sindikatuaren arabera, ezinezkoa da Corrugados Azpeitiaren egungo orubean industria jarduera berriro martxan jartzea. "Pertsonen osasuna eta ingurumena babesteko irizpidean oinarrituta, eta Europako Zuzentarauen irizpideak betez", sindikatuak nabarmendu du Azpeitiko hirigintza arauek eta EAEko Lurralde Antolaketa Planek ez dutela ahalbidetzen Corrugados Azpeitia egungo gunean berriro irekitzea.

Sindikatuak hainbat azalpen eman ditu azken egunetan Corrugados Azpeitia berriro irekitzearen inguruan sortu den eztabaidaren aurrean. Batetik, azpimarratu du gaur egun proiektu siderurgiko bat herrigune batean kokatzea "osasun, ingurumen eta segurtasun irizpide guztien kontra" doala. "Onartezina da Sailburua egiten ari den kanpaina mediatikoa, are gehiago jaikinik Lurralde Antolaketa araudiaren konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena dela eta ez udalarena, eta hori ez dela udalak hirigintza arau bat aldatzea bezain sinplea", adierazi du sindikatuak.

Eusko Jaurlaritzaren izenean Arantza Tapia Ingurumen sailburuak egindako adierazpenak "onartezinak" direla adierazi du ELAk. "Sailburuak esan berri du berak zuzentzen duen sailak enpresari Ingurumen Baimen Bateratua emango diola, jakinik kokapen horretan industria jarduera berrezartzea legez kanpokoa dela". ELAk "kezkagarritzat" jo du EAEko ingurumen arloko agintari nagusiak adierazpen horiek egitea. "Jakin badakite osasunaren eta ingurumenaren ikuspuntutik jarduera kutsakor bat herrigunean kokatzeak zein arrisku eta kalte sortzen dituen, eta hala ere, beste interes batzuk gainjartzen dituzte".

Sindikatuak adierazi du "enpleguaren defentsan borrokan" diharduela, baina enpleguaren sorrera beraientzat ez dela "edozein proiektu onartzeko aitzakia". ELAk, gainera, adierazi du inork ez dakiela zenbat enplegu sortuko liratekeen enpresaren irekierarekin, "oraindik enpresak proiektu konkreturik ez baitu aurkeztu".

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari Corrugados Azpeitiaren inguruko bere "jarrera onartezina alde batera uzteko", eta "benetako alternatibak lantzeko indarrak jartzeko" eskatu dio, "legezkoa den eta herritar guztion onura ekarriko duen industria politika bat aurrera" eramanez.

Tapiaren adierazpenak

Arantza Tapia sailburuak 'Onda Cero' irratian adierazi du, enpresak "aukera bat" planteatu duela, eta "bi oztopo" dituela. "Bat ingurumenari buruzkoa da, eta esan diegu zer baldintza bete behar dituzten, beraz, zehaztuta dago baimena lortzeko egin beharreko bidea. Azpeitiko Udalak nahi duena erabaki dezake, baina guk ez dugu arazorik ikusten hirigintza arloan. Bizkorrak izan behar dugu, eta erantzuna lehenbailehen eman behar diogu enpresari”.