Gaztea Cover Lehiaketako finalera sailkatu da Eider Sanchez

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 08:30

Lau partehartzailek lortu dute lehiaketako finalera sailkatzea, eta horien artean da azpeitiar gaztea. Azpeitiarraren bertsioa epaimahaiaren erabakiz sartu da finalera.

Eider Sanchez azpeitiar gaztea Gaztea Cover Lehiaketako finalera sailkatu da. Epaimahaiak hogei musikari eta abeslariren lanak aukeratu ditu bozketa faserako, eta horien artean da Sanchezen bertsioa. 

Parte hartzaileek bertsio bat kantatu behar izan dute. Musika tresna batekin edo gehiagorekin lagunduta, zein playback-a eginda, baina, abestea ezinbestekoa izan da lehiaketan parte hartu ahal izateko. Azpeitiarrak Vetusta Morla taldearen 23 de Junio abestia kantatu du pianoak lagunduta.

Joan den asteartera arte bozketa fasean egon da lehiaketa, ordura arte izan baitzuten herritarrek lanen baten aldeko botoa emateko aukera. Hala eta guztiz ere, azpeitiarraren bertsioa epaimahaiaren erabakiz sartu da finalean. Apirilaren 15ean jokatuko dute finala, eta azpeitiarrak Ainhoa Arroitajauregiren Driver License, Maria Izagaren The House of the Rising Sun eta Alaitz Artolaren Miseriak abestiak izango ditu aurkari.