Azpeitiko Udalak bat egin du Aberri Egunerako Euskal Herria Batera-k egindako deialdiarekin

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 08:30

Udalak dei egin die herritarrei igandean plazan aterako den argazki erraldoian eta ondorengo ekitaldietan parte hartzeko. Euskal Herriak "bateratasuna areagotuko duen herrigintza" behar duela azpimarratu du udalak.

Azpeitiko Udalak bat egin du Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunerako eginiko deialdiarekin. Datorren igandera begira, "keinu bat batera" egitea proposatu die udalak herritarrei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei. Hori horrela izanik, igandean, 12:30ean, Azpeitiko plazan aterako den independentziaren aldeko argazki erraldoira eta ondorengo ekitaldian parte hartzera animatu nahi izan ditu udalak herritarrak.

"Herrigintzan batera jardunda garatuko dugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa", azaldu du udalak. Era berean, azaldu du iazko udaberrian pentsaezina zela urtebete geroago gizartea oraindik ere "pandemia borrokatzen" arituko zenik. "Hemen jarraitzen dugu, lehentasunez gaitzari aurre egiten eta, aldi berean, larrialdi luze honek izango dituen ondorio sozial eta ekonomikoen beldur. Ezer baino lehen, gure maitasuna helarazi nahi diegu egoeraren aurpegirik beltzena pairatu dutenei eta denon zaintzan borroka luzea daramatenei. Sinetsita gaude komunitatea trinkotuta gai izango garela aurrera egiteko".

Udalak adierazi du iazko Aberri Egunak Euskal Herrian ere "bateratasuna posible" dela erakutsi zuela. "Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko. Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea".

Globalizazioaren arrikuei aurre egiteko, mundu zabalean "komunitarismoa" indartzen ari dela nabarmendu du erakundeak. "Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko.

Udalaren arabera, etorkizuneko proiektu politikoen "oinarria" izango den komunitatea trinkotzeko, "bateratasuna areagotuko duen herrigintza" behar du Euskal Herriak. "Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko. Gure esku dagoena egingo dugu bide horretan aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko".