Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan bi kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 30a, 13:01

Azken bost egunetan zazpi kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian. Hego Euskal Herriko joera ere goranzkoa da, atzo beste 683 kasu positibo zenbatu baitzituzten.

Amesgaiztoak ez du desagertzeko itxurarik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo beste bi kasu positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Azken bost egunetan zazpi kasu positibo hauteman dituzte herrian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du berriz, eta 124,84an kokatu da. Eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, beste bederatzi kasu detektatu zituen Osasun Sailak. Aian eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien: hiruna positibo izan ziren atzo bi herri hauetan. Aiako kasuan, hamar positibo izan dituzte zazpi eguneko epean, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 503,78ra igo da. Zarautzen ere gora egin du intzidentzia tasak; bederatzi puntuan igo da, 235,58tik 244,14ra. 25 kasu izan dituzte Zarautzen azken zazpi egunetan.

Azpeitian bezala, Azkoitian ere bi kasu izan dituzte, eta intzidentzia tasa 135,52ra igo da. Getarian, berriz, kasu bat zenbatu dute, eta 0ko tasa izatetik 35,34koa izatera pasatu da. Eskualdeko beste sei herrietan ez dute positiborik izan azken orduetan.

Hego Euskal Herrian gorantz egin du positiboen kopuruak. 683 positibo zenbatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Araban 97 positibo izan ziren atzo, 222 Bizkaian, 172 Gipuzkoan eta 182 Nafarroan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten atzo egindako probetan. Lau lurraldetako positibotasun tasa %5,92koa izan zen atzo.

Beste 66 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. 288 lagun zeuden atzo ospitaleratuta, plantan, eta beste 80 Zaintza Intentsiboko Unitateetan, bezperan baino bost gutxiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,15ekoa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.