Erniarraitzek bertso bazkaria egingo du apirilaren 25ean, Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 29a, 09:59

Maialen Lujanbio eta Julio Soto arituko dira bertsotan Azkoitiko Joseba jatetxean. Erniarraitzen e-postara idatzita eman beharko da izena apirilaren 16a baino lehen.

Erniarraitz bertsozale elkarteak bertso bazkaria antolatu du apirilaren 25erako, igandea. Bertso Urtie egitasmoaren baitan egingo du bertso bazkaria Erniarraitzek. Azaroan jarri zuten martxan egitasmoa Azkoitian, eta harrezkero beste hiru saio egin dituzte Azpeitian, Errezilen eta Zestoan. 

Apirilerako, "aspaldi ikusi gabeko formatuan" egingo du bertso saioa Erniarraitzek; Azkoitiko Joseba jatetxean bertso bazkaria izango baita 14:00etan Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariekin. "Erniarraitzentzat ardura handia da otordu bueltako saio bat antolatzea, horregatik, osasun neurri guztiak zorrotz zainduko dira", azaldu dute antolatzaileek. Mahaiak "ostalaritzako araudiaren arabera" antolatuko dituztela jakinarazi du bertsozale elkarteak, eta bertaratzen dieren "arduraz jokatzeko konpromisoa" eskatu diete. "Erantzukizunez" antolatuz gero "kultura segurua" dela azpimarratu du elkarteak.

Bazkaria 30 euro ordaindu beharko da, eta izen-ematea erniarraitz@gmail.com helbidera idatzita egin beharko da apirilaren 16a baino lehen. Bikotea edo laukotea osatuta egin beharko da izen-ematea, mahaien antolaketa "errazagoa" izan dadin.