Bitik bi garaipen Lagun Onakeko neskentzat

Andoni Elduaien 2021ko mar. 29a, 09:00
Garmendipen neurketa hasi aurretik. (Argazkia: Lagun Onak)

Neurketa amaitzeko zazpi minuturen faltan lortu zuten azpeitiarrek garaipena eskuratzeko gola. Sei punturekin sailkapeneko bigarrena da Lagun Onak.

Lagun Onakeko emakumezkoen lehen taldeak 2 eta 1 menderatu zuen atzo, igandea, Tolosa. Hasierako minutuetan oreka nagusitu zen Garmendipen, baina ondoren talde bakoitzak gol aukera on bana sortu zuen markagailuan aurrea hartzeko. Lagun Onaken abagunea Maiteren burukada baten ondoren iritsi zen, eta bisitariena Lagun Onakeko atezainak gelditu zuen.

Bigarren zatiaren hasieran, berriz, Tolosak aukera garbia izan zuen; gutxigatik bidali zuten baloia kanpora bisitariek. Lagun Onak, ordea, sendo zelairatu zen bigarren zatira, eta aukera dezente egin zituen Unai Urbizuk gidatzen duen taldeak. Azpeitiarren lehen gola 66. minutuan iritsi zen geldikako jokaldi baten ondoren; Joanek egin zuen Lagun Onaken estreinako gola. Azken minutuak bizi-biziak izan ziren Garmendipen. Tolosak 81. minutuan berdindu zuen partida, baina bi minutura Lagun Onakek berriz aurretik jartzeko gola egin zuen; Malen izan zen taldeko golegilea. 

Datozen bi asteburuetan ez dute ligako partidarik izango Lagun Onakeko neskek. Apirilaren 17an edo 18an jokatuko dute hirugarren jardunaldiari dagokion neurketa, Urola taldearen aurka; Zumarragako Argixao zelaian arituko dira azpeitiarrak. Gaur-gaurkoz sailkapeneko bigarrena da Lagun Onak sei punturekin,  jokatutako bi partidak irabazi baitituzte neskek.