Koronabirusa Azpeitian

591 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian

Maria Maya 2021ko mar. 28a, 14:14

Herenegun baino bi mila inguru test gutxiago eginda, positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, bi puntu eta erdi egin du behera.

Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzte atzo, larunbata, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 467 kasu positibo zenbatu zituzten; Nafarroan, 127. Guztira, 591 pertsonak eman zuten positibo, beraz, Hego Euskal Herrian; herenegun baino 160 positibo gutxiago. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.042 proba egin zituzten, eta 467 positibo zenbatu. Araban 77 positibo hauteman zituzten, 186 Bizkaian eta 201 Gipuzkoan. Nahiz eta positiboek behera egin herenegundik –562 izan ziren hiru lurralde horietan–, bere horretan jarraitzen du positibotasun tasak, proba gutxiago egin baitzituzten atzo. Gaur gaurkoz, % 5,8koa da tasa hori.

Nafarroan, berriz, 2.293 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 127k izan zuten emaitza positiboa. Positibotasun tasak beheranzko joera du Nafarroan; atzo % 6,1ekoa zen, % 5,5ekoa da gaur. 

Erietxeetako egoeraren berri ere eman du Osakidetzak: atzo 42 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. ZIUn, berriz, 88 pertsona daude ospitaleratuta, herenegun baino bi gehiago.

Astelehenera arte itxaron beharko da herriz herriko datuak jakiteko, asteburuan ez baitu herrietako egoeraren berri ematen Eusko Jaurlaritzak.