LF2 Pro ligan arituko da datorren denboraldian Azkoitia-Azpeitia ISB

Andoni Elduaien 2021ko mar. 28a, 09:17

Gutxigatik galdu zuen Azkoitia-Azpeitiak Galdakaon atzo, eta beraz, ez du lortu Endesa Ligarako igoera faserako sailkatzea. 

Azkoitia-Azpeitia ISBk 64 eta 62 galdu zuen atzo Ibaizabalen aurka, Galdakaon (Bizkaia). Beste urrats bat aurrera ematea eduki zuen atzo jokoan ISBk; izan ere, Leganesen (Madril, Espainia) jokatuko den Endesa Ligarako igoera fasera sailkatzeko aukera azken jardunaldira arte izan du ISBk .

Igoera fasera sailkatzeko, ISBk Ibaizabali irabazi beharra zuen atzo, eta Extremadura Plasenciak Magec Tias taldearen aurka galdu beharra zuen. Azkoitia-Azpeitia ISBk bere neurketa bi puntuko aldeagatik galdu zuen –62 eta 64–, baina Extremadura Plasenciak 63 eta 77 irabazi zuen bere neurketa. Hori horrela, Plasenciako (Extremadura, Espainia) taldeak lortu du Liga Endesarako igoera fasera sailkatzeko azken txartela.

Atzoko neurketan Morgan Green nabarmendu zen ISBn; izan ere, 28 puntu saskiratu zituen jokatutako 39 minututan; 34 puntuko balorazioa lortu zuen jamaikarrak. Margueritte Effak, aldiz, 14 puntuko balorazioa lortu zuen 8 puntu saskiratuta eta 11 errebote bereganatuta. Crystal Primm estatubatuarrak, ostera, 13 puntu saskiratu zituen 12 puntuko balorazioa lortzeko. 

Dena den, Andoni Lazkanok zuzentzen duen Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak datorren denboraldian indarrean jarriko duten LF2 Pro ligan jokatzeko txartela lortuta du dagoeneko. 42 talde aritu dira jokatzen LF2 ligan, eta horietatik hamasei onenek izango dute LF2 Pro ligan lehiatzeko aukera.