Justizia, aitortza eta memoria eske, 37 urte eta gero

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 28a, 09:35

Ekitaldi jendetsuarekin bukatu ziren atzo Pasaiako segadaren urteurreneko aurtengo ekitaldiak. Pasaian poliziak hildako azpeitiarren senideek eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak, estatu indarkeriaren inpunitatea salatu eta biktima denak kontuan hartuko dituen errelatoa aldarrikatu zuten.

Pandemia dela-eta ezarritako segurtasun neurriak kontuan hartuta, Azoka Plaza gaur egun egon daitekeen beteena egon zen atzo arratsaldean. 200 bat lagun elkartu ziren han, Pasaiako segadaren 37. urteurrenaren inguruan azken astean egin diren ekitaldien azken hitzordurako.

1984ko martxoaren 22an Espainiako poliziak Pasaiako badian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak –Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak–. Pasaian gertatutakoak argitu gabe jarraitzen duela gogoratu zuten atzo Arantxa Isartek, Pelitxoren arrebak, eta Peio Aizpuruk, Kurroren anaiak. Estatu indarkeriaren inpunitate hori salatu zuen Eneko Etxeberriak ere, Naparraren anaia eta Egiari Zor elkarteko kideak. Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako biolentzia politiko guztiak eta horien biktima guztiak berdin aitortzeko eta oroitzeko eskaera nagusitu zen ekitaldian.

Xabier Artola gogoan

George Orwell idazlearen 1984 fikzio distopikoaren eta 1984an Pasaiako badian gertatutakoaren eta haren ondorioen errealitatearen arteko lotura izan zen atzoko ekitaldiaren haria; Jose Luis Otamendik sortutako gidoiak harilkatu zituen biak, Eneritz Arzallus kazetariak aurkeztuta. Jotakieren musikarekin hasi eta bukatu zen Azoka Plazako ekitaldia; Elortxa eta Maolo igo ziren oholtzara, eta molde akustikoan jo zituzten Zure begietan, hasieran, eta Joxemai Beltza, bukaeran. Tartean, Egiari Zor elkarteak prestatutako bideo bat eman zuten, Otamendik berak testu bat irakurri zuen, eta Etxeberriak eta Pasaian hildako azpeitiarren senideek hartu zuten hitza.

Bai Arantxa Isartek, bai Peio Aizpuruk, atzo bertan hil zen Xabier Artola Artue ekarri zuten gogora, eta Azoka Plazan elkartutakoek txaloz erantzun zuten haren aipamena. 1984ko segadaren urteurreneko ekitaldiak antolatzen dituen eta hildakoen senideei babesa eskaintzen dien Pasaia Argitu taldeko kide izan zen Artola urte luzez.