Antonio Ballesterrekin serigrafia tailerra antolatu dute Dinamoan maiatzaren 4tik 8ra

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 27a, 15:17
Antonio Ballester Moreno.(neo2.com)

Gasteizko Artium museoarekin elkarlanean prestatu du Kulturaz kooperatibak Norberak eraikitzea, lana eta jolasa izeneko tailerra. Ballesterrek lana nola egiten duen ikusteko zein haren obraren ekoizpenean parte hartzeko aukera izango dute tailerrean izena ematen dutenek.

Antonio Ballester Moreno artista madrildarra Azpeitian izango da maiatzaren 4tik 8ra, Dinamoa sormen gunean, Kulturaz kooperatibak Gasteizko Artium museoarekin elkarlanean antolatu duen Norberak eraikitzea, lana eta jolasa serigrafia tailerra gidatzeko.

Antolatzaileek azaldu duenez, ez da ohiko tailerra izango Ballester Morenorena. Tailerrak "izaera bikoitza" izango du: "Artista tailerra da alde batetik, eta Antonio Ballester Morenoren lan prozesuetara hurbiltzeko aukera emango digu; baina produkzio tailerra ere bada, eta alde horretatik bere lana ekoizten parte hartzeko aukera izango dugu. Elkarlanean oinarritutako praktikak askotan izan dira bere lanaren ardatz, beti ere sormena hartuz ikastearen dinamo".

Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Esperientzia. Lana eta jolasa erakusketan aurkeztuko den "serigrafiaz egindako mosaiko handi baten produkzio kolektiboari heltzea" izango da maiatzeko tailerraren helburuetako bat. Datorren uztailean irekiko dute erakusketa hori Artiumen.

Izen-ematea

Apirilaren 30era arte irekita egongo da Moreno Ballesterren tailerrean izena emateko epea. Hala ere, gehienez zortzi lagunentzako tokia izango da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Maiatzaren 4tik 8ra, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egingo dute tailerra; 30 ordu izango ditu, guztira. 60 euro ordaindu beharko dituzte soldatadunek, eta 30 soldatagabeek.

Dinamoa.eus webgunean eman behar da izena.