Urola Ikastolako ikasleak Amets Arzallusekin solasean, 'Miñan' liburuaz

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 26a, 16:26
Amets Arzallus eta Urola Ikastolako ikasleak, gaur Dinamoan. (Urola Ikastola)

Dinamoan egin dute mahai ingurua gaur eguerdian, ikastetxea Erasmus Plus programaren barruan migrarien inklusioa lantzeko garatzen ari den proiektuari lotuta.

Urola Ikastolako 50 bat ikasle Amets Arzallusekin elkartu dira gaur eguerdian Dinamoa sormen gunean, Arzallusek Ibrahima Balderekin ondutako Miñan liburuaren gaineko mahai inguruan parte hartzeko. Polonia, Finlandia eta Siziliako beste hiru ikastetxerekin batera, Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion (Hausnartzeko gaia: Migrarien Inklusioa Bideratzeko Europako Errezeta Liburua) proiektua garatzen ari da Urola Ikastola, Erasmus Plus hezkuntza programaren barruan. Migrarien inklusioa lantzeko proiektua da, eta horri lotuta egin dute gaurko saioa.

"Urola Ikastola bizi garen gizartearen ispilu da, hark bezala aniztasun handikoa. Lau kontinentetako ikasleak dauzkagu", azaldu dute ikastetxeko arduradunek. Erasmus Plusen barruan egiten ari diren proiektuaren harira, joan den abenduan Urolan ikasten duten ikasle migrarien "egiazko testigantzak jaso eta ikasgela guztietan irakurri eta komentatu" zituzten. Gaur, berriz, Balderen bizipenak jasotzen dituen Miñanez hitz egiteko parada izan dute Arzallusekin.