Koronabirusa Azpeitian

Ostalaritza eta merkataritza guneetan COVID-19a saihesteko egindako inbertsioak diruz lagunduko ditu udalak

Erakundeak diruz lagunduko ditu 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era bitartean "osasun alarma egoerari aurre egiteko establezimenduetan egindako inbertsioak eta ekipamenduak". Apirilaren hasieratik maiatzaren 18ra arte egin ahal izango dira eskaerak. 

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduek COVID-19aren ondorioz ezarritako osasun protokoloak betetzeko eginiko inbertsioak laguntzeko dirulaguntza deialdia jarriko du martxan Azpeitiko Udalak. Dirulaguntzak jaso nahi dituztenek apirilaren hasieratik maiatzaren 18a bitartean aurkez ditzakete eskaerak udaletxean.

Udalak diruz lagunduko ditu 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era bitartean "osasun alarma egoerari aurre egiteko establezimenduetan egindako inbertsioak eta ekipamenduak, baita inbertsioak gauzatzeko azterketak ere, jarduera ekonomikoa koronabirusari aurre egiteko prestatzeko egin badira". Beraz, diruz lagunduko dituzte, besteak beste, segurtasun eta osasun protokoloak betetzeko lokalak moldatzeko inbertsioak nahiz ekipamenduak eta bezeroekin zein erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatzeko eta laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.

Erakundeak azaldu duenez, establezimendu bakoitzak gehienez 2.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta "diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua jarduketaren aurrekontuaren %100 artekoa izango da". Fakturek zein ordainketek aurrez aipaturiko epealdian –2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era– egindakoak izan beharko dute.

Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte beren kontura lanean diharduten pertsonek edo autonomoek, baita enpresa txikiek ere, beren forma juridikoa edozein dela ere, hamabost langile baino gutxiago badituzte eta txikizkako merkataritzaren nahiz ostalaritzaren sektoreetan badaude. Hori bai, enpresaren edo establezimenduaren urteko negozio-zifrak ezingo du milioi bat euro gainditu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide