'Los demas dias' eta 'Minari. Historia de mi familia' filmak emango dituzte asteburuan

Julene Frantzesena 2021ko api. 7a, 08:30

Ostiralean, Los demas dias dokumentala ikusi ahal izango da (19:00), Soreasu antzokian. Larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute Minari. Historia de mi familia filma, 19:00etan hasita, leku berean. Dagoeneko eros daitezke emanaldi horietarako sarrerak.

Los demas dias dokumentala eta Minari. Historia de mi familia filma emango dituzte asteburuan Soreasu antzokian. Ostiralean ikusi ahal izango da Los demas dias, 19:00etan hasita; Death Cafe egitasmoaren sustatzaileek antolatu dute saioa. Minari. Historia de mi familia, bestalde, larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute; hiru emanaldiak 19:00etan izango dira. Emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.

Minari. Historia de mi familia filma 2020an AEBetan ekoiztutako lana da, eta Lee Isaac Chung da zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Davidek, 7 urteko haur korear-amerikarrak, 80ko hamarkadaren erdialdean, gauetik goizera, bere bizitza aldatu egiten dela ikusten du; izan ere, bere aitak familia osoarekin Arkansaseko baserri batera joatea erabakitzen du, han baserri bat irekitzeko, amets amerikarra lortzeko asmoz".

Los demas dias dokumentala, berriz, Carlos Agullok zuendutako ikus-entzunezkoa da. Espainian ekoitzi zuten, 2017an. Hona hemen dokumentalaren sinopsia: "Bizitzaren aldeko borrokak ez du heriotzaren aurkako borroka izan behar, lehenago edo geroago borroka galdua izango baita. Zainketa aringarrietako mediku Pablo Iglesias doktorearen lanaren bidez, gauzak beste modu batera ikusten ikasiko dugu. Pelikula honek Madrilgo zainketa aringarrien unitate baten egunerokoa jarraitzen du, harrapatzen duen errutina bat (batere errutinazkoa ez dena). Medikuntzaren aurpegi gizatiarrenetako bat, sendotasuna, umorea eta paziente zein medikuen arteko harreman estua. Ez da duintasunez hiltzeko kontua, azken unera arte ongi bizitzekoa baizik. Izan ere, bizitzak azken segundora arte merezi duenez, azkeneraino zaindu behar da".