Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'-ren anaia

Eneko Etxeberria: "Egia jakiteko borondate politikoa falta da"

Anartz Izagirre 2021ko mar. 26a, 11:31
Eneko Etxeberria Euskal Memoria Fundazioak argitaratutako 'Gogoan hartzeko izenak' liburuarekin.

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia Eneko Etxeberriak 41 urte daramatza haren desagerpena argitzeko borrokan. Joan den ostegunean, Egia Jakiteko Eskubidearen Egunean, kasu horren inguruko txosten bat entregatu zion Eusko Jaurlaritzak Etxeberriari. Bestalde, bihar Pasaiako segadaren inguruko ekitaldian parte hartuko du Etxeberriak, anaiaren kasua azaltzeko. "Egia jakitearen garrantzia" azpimarratu du iruindarrak.

'Naparra auziko' dokumentuen txostena entregatu dizuete Eusko Jaurlaritzak. Zer-nolako garrantzia du horrek zuentzat?

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko kideak 2018. urtean jarri ziren gurekin harremanetan, eta giza eskubideen urraketen inguruko hainbat txosten egiten ari zirela azaldu ziguten. Jose Miguelen [Etxeberria] kasuaren harira, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedrak txosten bat egingo zuela esan ziguten, eta ostegunean eman ziguten dokumentua. Txosten horretan argi gelditzen da Frantzian ez zutela desagerpena behar bezala ikertu, eta gauzatutako ikerketak ere ez direla epaileek beren kabuz egindakoak izan; hau da, ikertu denean guk hala eskatu dugulako izan da.

Aurretik Nazio Batuen Erakundearekin harremanetan egon zarete kasua dela eta, ezta?
 
Bai. 2013an Egiari Zorren bitartez, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiarekin osatu genuen txosten bat bidali genion NBEri. 2014an Genevara (Suitza) gonbidatu gintuen NBEk, eta Jose Miguelen kasua bortxazko desagerpen moduan hartu zuten. Espainiako eta Frantziako gobernuei galdetu zieten anaiaren inguruko ikerketa nola zegoen, eta berririk ez zutela erantzun zuten haiek. Berriro gonbidatu gintuzten Genevara, eta ordurako, desagerpenaren inguruko berri gehiago genituen; izan ere, 2015ean Cesid-eko kide izandako Ramon Francisco Arnau de la Nuez harremanetan jarri zen Iñaki Errazkin kazetariarekin, eta esan zion bazekiela Jose Miguel non egon zitekeen lurperatuta, Mont de Marsan inguruan. Sinesgarritasuna eman zioten esandakoari, eta 2004tik itxita egon ostean, 2016an Espainiako Auzitegi Nazionalak kasua berriro ireki zuen. Ordutik, bi alditan egin diogu erreguzko mandatua Frantziari, eta Paco Etxeberriak Mont de Marsan gunean indusketak egiteko bi leku aipatu zituen. Lehenengo bi leku horietako batean egin zituzten indusketak, baina ez zuten ezer topatu. Horren ostean, 2018an, bigarren erreguzko mandatua egin genuen, bigarren leku horretan indusketa egiteko, baina oraindik ez dugu ezeren berririk. Nik egiten dudan galdera da: zergatik ez dute oraindik indusketa hori egin?

Egia Jakiteko Eskubidearen Egunean eman dizuete txostena. Zer egin behar da egia jakiteko?

Estatuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sinatzen dute, baina gero hor jartzen duenari ez zaio kasurik egiten. Ez dakit zertarako sinatzen duten dokumentu hori, bete behar ez baldin badute. Egia jakiteko kasuaren inguruko datuak azaleratu behar dira, eta hor oztopo argi bat daukagu: Sekretu Ofizialen Legea. Sekretupean dagoen materiala azaleratzeko epaile baten bidez egin behar da eskaera, eta Ministroen Kontseiluak onartu behar du material hori desklasifikatzea, egokia baderitzo. Beraz, egia jakiteko borondate politikoa falta da. Egia jakin nahi bada, egin dezatela zerbait; izan ere, hemen badirudi alde bakarreko giza eskubideen urraketak egon direla.

Orain arte jaso duzuen informazioaren arabera, zer uste duzue gertatu zela Naparrarekin?

Jose Miguel talde armatu bateko kidea zen, eta garrantzia zuen Komando Autonomo Antikapitalistetan. Guk argi dugu Batallon Vasco Español taldea egon zela guztiaren atzean, nahiz eta EFE agentziak atera zuen KAA barnean kontuak kitatzeko gertaera bat izan zela. Guk ez dugu zalantzarik BVE izan zela egilea.

41 urte pasatu dira desagertu zenetik, eta ordutik behin baino gehiagotan artxibatu dute kasua. Nola bizi izan duzue prozesua urte hauetan guztietan?

Gure amak beti esaten zuen oso ondo ulertzen zituela beste ama guztiak: preso daudenenak, hildakoenak… Gure kasuan desagerpen bat izan zen, eta oraindik ez dugu gure ahaidearen hezurrik; hori oso gogorra da. 41 urtean dena argitzeko lanean ibili gara, eta gorabehera asko izan ditugu bidean. Luzeak egin zaizkigu urte hauek guztiak, baina lanean jarraitzen dugu. Ama 2018an hil zen, eta urte hartan Mont de Marsanen bigarren indusketa egin zezaten lortu genuen; opari polita izan zen harentzat. Gogorrena da amak bere semea ez zuela berreskuratu ikustea, eta oraindik ere, bere argazkia ikusten dudanean horrekin gogoratzen naiz; ez dago eskubiderik. Familiaren aldetik etengabeko borroka izaten ari da hau. Noiz arte? Ba, auskalo. Nik ez dut nahi motxila hau nire semeari pasatzea, bada garaia atsedena hartzeko.

Txostena osatu dutenek ikertzen jarraitzen eskatzen dute. Ba al duzue guztia argituko denaren esperantzarik?

Auzia 2018. urtetik behin behinean largetsita dago bigarren indusketa egiten duten arte. Horrez gain, Cesid-eko lekukoa topatuko balute bilaketa errazteko… Bi horietako zerbait gertatzen bada, berriro ere martxan jarriko da prozesua. Beti duzu dena argituko denaren esperantza, baina batzuetan ematen du lana alferrik egiten ari garela. Gure asmoa da memoria mantentzea, ez ahaztea anaiari zer gertatu zitzaion; izan ere, zenbat kasu ote daude oihartzunik izan ez dutenak inor ez delako horren gainean egon?

Bihar Pasaiako segadaren inguruko Azpeitiko ekitaldian egongo zara. Kasu hori entzuten duzunean, zer sentitzen duzu?

Kasu hori inpunitatearen erakusle garbia da. Espainiako Estatuan nahi dutena egiten dute, eta, ondoren, ez dute zigorrik jasotzen. Beste herrialde batzuetan beste jarrera bat dute; esaterako, Britanian Handian bere gain hartu dituzte Ipar Irlandan egindako gehiegikeriak, baina hemen ez da horrelakorik gertatzen, ez dago borondate politikorik. Egia jakiteko eskubidea dugu, eta bakoitzak hartu dezala egin duenaren ardura bere gain.