Urola Kostako LABek Azpeitian egingo du Maiatzaren Leheneko mobilizazioa

Julene Frantzesena 2021ko mar. 26a, 10:13
Urola Kostako LABeko langileen ordezkariek asteartean egin zuten bilerako irudia. (Urola Kostako LAB)

Urola Kostako LAB sindikatuko langileen ordezkariek batzarra egin zuten asteartean, eta han erabaki zuten Maiatzaren Lehena aldarrikatzeko mobilizazioa Azpeitian egingo dutela aurten. 12:00etarako jarri dute hitzordua, eta herritarrei "kalea hartzeko" deia egin dio sindikatuak.

Urola Kostako LAB sindikatuko langileen ordezkariek batzarra egin zuten asteartean, eta han erabaki zuten Maiatzaren 1a aldarrikatzeko mobilizazioa Azpeitian egingo dutela aurten. 12:00etarako jarri dute hitzordua, nahiz eta ez duten zehaztapen gehiago eman oraingoz. Dena den, jakinarazi dute "segurtasun neurriak mantenduta kalea hartzeko bidea" egingo dutela. "LABen komunitateari Azpeitira joateko deia egiten diogu, baina horretaz haratago, langile klaseari egiten diogu deia. Egunerokoan egindako lanaren ispilu izan nahi duen Maiatzaren 1era gonbidatzen dugu langile klasea. Urteak daramatzagu langile klasearen berreraketaren alde pausoak ematen, eta egun horretan ere ateak zabal-zabal izango ditugu bide horretan aurrera egiteko, elkarlanerako prestutasun osoz".

Joan zen astearteko batzarrean, besteak beste, gaur egungo eta aurrera begirako lan ildoez eztabaidatu zuten hara joan ziren langileen ordezkariek. Hala azaldu du LABek: "Euskal jendarteak ekonomiaren gaineko kontrola berreskuratu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizio ekosozialista eta feminista abian jartzeko aukera badaude, eta horiek nola bideratu aztertzen aritu ginen. Beste modu batera esanda, eredu soziokonomikoaren eraldaketa sakona eragingo duen herri boteretze prozesua sustatzeko gure egunerokotik edo txikitasunetik egin beharreko kontuez aritu ginen hizketan".

Maiatzaren Lehenari begira, LABeko kideek azaldu dute "elkar zaintzeko garaiak" direla bizi dituztenak, baina era berean, "kaleak hartzeko garaia" ere badela azpimarratu dute. "Egunerokoan bagabiltza zerbitzu publikoen, enpleguaren edo pentsio duinen defentsan nahiz zaintza sistema publiko komunitariora bidean buru-belarri lanean. Horregatik, Maiatzaren 1a horren guztiaren eta gehiagoren bateragune gisa irudikatu nahi dugu".