Begoña Beobide: "Fakturek zer dioten ulertzeak ahalduntzen lagunduko digu"

Begoña Beobide artxiboko irudi batean.

Etxeko ohituretan neurri sinple batzuk hartzeak energia aurrezten lagundu dezaketela dio Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak. Horietako batzuen adibideak ematen dituzte Euronet Etxean programan, baita faktura ulertzeko gakoak ere. Miren Garate kazetariak Gipuzkoako Hitzarako elkarrizketa egin dio Beobideri.

Urola Erdiko energia mahaiak bultzatuta, iazko ikasturtean Euronet 50/50 programa lantzen hasi ziren Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetan, eta aurten, Errezilen ere bai. Iraurgi Berritzen agentziak koordinatzen du programa, eta haren helburua da ikastetxeetan energia gutxiago kontsumitzea, erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak ezarrita. Behin ikasleekin lanketa bat eginez gero, iruditu zitzaien komenigarria zela ohitura horiek etxera ere eramatea, eta horrela sortu zen Euronet Etxean egitasmoa, Euronet 50/50en barruan. Haren bidez, Azpeitian eta Azkoitian hitzaldiak eman dituzte, herritarrei argindarraren fakturak ulertzeko eta kontsumoa gutxitzeko aholkuak emateko. Begoña Beobide (Azpeitia, 1973) Iraurgi Berritzeneko zuzendariaren esanetan, kontratatutako potentzia izaten da kontuan hartu beharreko gakoetako bat.

Ulergaitzak izatearen fama dute argindarraren fakturek. Zergatik?

Kontsumoaz gain, beste zenbait kontzeptu ere sartzen direlako fakturan: potentzia, kontagailuaren alokairua, kontratatuta ditugun zerbitzuak, zergak eta abar. Gainera, ordutegiaren eta dataren arabera ere aldatu egin daiteke kontsumitutako energiaren prezioa. Hainbeste kontzeptu direnez, faktura sinpleena ere konplikatu egiten da. Baina fakturak zer dioen ulertzeak ahalduntzen lagunduko digu, eta gutxiago ordaintzeko zertan eragin dezakegun ikusi ahal izango dugu.

Hain zuzen, Euronet Etxean programako hitzaldietan, faktura ulertzen laguntzeko gakoak ematen dituzue. Zeri erreparatu behar zaio, batez ere?

Potentziarena da esplikatzen dugun kontuetako bat. Zenbat eta potentzia handiagoa kontratatu, orduan eta kostu finko handiagoa izango dugu. Etxeetan, ohikoena da 3,3 kW eta 4,6 kW artean izatea kontratatuta. 4,6 kW-era iristeko, ordea, garbigailua, ontzi garbigailua, labea eta bitrozeramika izan behar dira martxan momentu berean. Horrek ekar dezake behar baino gehiagoko potentzia izatea kontratatuta.

Nola jakin daiteke kontratatutako potentzia egokia den?

Badago aplikazio bat zure kontsumoa ikusteko aukera ematen duena: www.i-de.es. Aplikazio horren berri ematen dugu hitzaldietan. Momentu oro gure etxean dagoen kontsumoa aztertzen du, eta orduero zein den gure potentziarik handiena ere ikus dezakegu. Informazio hori izanda, adibidez, ordutegi diskriminazioko tarifak komeni zaizkigun jakin dezakegu. Kontagailu adimentsuak jarri zizkigutenetik kontsumoari buruzko informazio hori eskura dugu, baina gutxik dute beren kontsumoa begiratzeko ohitura.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide