Pasaiako segada argitzeko eskatzeko, horma irudia

Julene Frantzesena 2021ko mar. 26a, 08:42
Iturri Txiki ondoko horman egin dute irudia.

Gazte batzuek egin dute Pasaiako badiaren irudia eta "Pasaiako sarraskia argitu" idatzita ageri den murala, Iturri Txiki ondoko horma batean. Bihar egingo dute segadaren 37. urteurreneko ekitaldi nagusia, Azoka Plazan.

Joan zen astelehenean bete ziren Pasaiako segada jazo zela 37 urte, eta egunotan oroimen ekitaldiak egiten ari dira herrian. 1984an, Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarra hil zituen Espainiako poliziak Pasaian, eta horien oroimenez, gazte batzuek Pasaiako badia eta "Pasaiako sarraskia argitu" idatzita ageri den mural bat margotu dute Iturri Txiki ondoko horma batean.

Bihar, zapatua, egingo dute aurtengo ekitaldi nagusia, 18:00etan hasita, Azoka Plazan. Eneritz Arzallus kazetariak aurkeztuko du ekitaldia, eta, horretarako, Jose Luis Otamendi idazleak osatutako gidoia izango du oinarri. Horrez gain, Jotakie taldeak ekitaldia biribilduko du musikarekin. Era berean, oraindik desagertuta dagoen Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia Eneko Etxeberria ere izango da ekitaldian, Egiari Zor fundazioaren ordezkari moduan.