"Denbora gehiegi igaro da"

Gipuzkoako Hitza 2021ko mar. 27a, 09:30
Fernando Dadie eta Juan Antonio LarraƱaga 1987an Realak irabazi zuen koparekin. (Gipuzkoako Hitza)

Athleticek eta Realak Espainiako Kopako finala jokatuko dute apirilaren 3an, Sevillan. Luis Fernando Dadiek eta Juan Antonio Larrañagak kopa irabazi egin zuten 1987an, Realarekin, Zaragozan. Dadierekin eta Larrañagarekin hitz egin du Unai Zubeldia kazetariak Gipuzkoako Hitzarako; egin zuten balentriaz eta Realak beste kopa bat irabazteko duen abaguneaz aritu dira bi futbolari ohiak solasean.

Luis Miguel Arkonada alde batean eta Juan Antonio Larrañaga bestean. Zaragozako (Espainia) Romareda futbol zelaian. Espainiako Kopa eskuetan. 1987ko ekainaren 27a zen. “Oso gogorra izan zen finala”, gogoratu du Larrañagak berak. “Bero handia egiten zuen egun hartan, tentsio handia nabari zen, luzapena jokatu genuen, penaltiak ondoren…”. Bina amaitu zen Atletico Madrilen eta Realaren arteko partida, eta txuri-urdinek 2-4 irabazi zuten penaltietan, Jose Mari Bakero, Juan Mari Mujika, Martin Begiristain eta Larrañagaren golekin. Jorge da Silvak kanpora jaurti zuen madrildarren bigarren penaltia eta Arkonadak laugarren jaurtiketa gelditu egin zion Quique Ramosi. Orduan lehertu zen festa.

“Zer oroitzapen dauzkagun? Ederra izan zela eguna; finala irabazi ondoren, batez ere!”. Luis Fernando Dadie (Pasaia, 1966) dauka ondoan Larrañagak (Azpeitia, 1958), final hartan taldekide izan zuenetako bat. Dadie ez da ageri argazki askotan. “Eromena izan zen. Realeko zaleak zeuden atearen atzera joan nintzen ospatzera, pare bat lagunek berdegunera salto egin zuten, eta, ohartu nintzenerako, argazkiak ateratzen ari ziren denak. Berandu iritsi nintzen, baina baten batean ageri naiz, behintzat!”.

Pasaitarrak badauka despiste hura azaltzeko arrazoi bat: “Final bat irabazita, atzetik gehiago ere iritsiko zirela pentsatu nuen, eta erotu egin nintzen. Horregatik, momentu hartan argazkiak ateratzen hastea ez zela egokiena pentsatu nuen, baina, noski, atzetik ez ziren iritsi titulu gehiago”, amaitu du, barrez. “Denbora gehiegi igaro da Realaren azken titulutik”, gogoratu du Dadiek. Ia 34 urte. “Taldeko gazteenetakoa nintzen ni orduan, eta lehen aldiz bizi izan nuen horrelako zerbait”.

Realarekin 1987-1988koan eta Celtarekin 1993-1994koan, pasaitarrak beste bi final ere jokatu zituen gerora, baina biak galdu zituen. “Kopako hori da nire titulu bakarra, eta niretzat horregatik da hain berezia”. Realeko zaleen belaunaldi batek finalik eta antzekorik ez duela bizi izan gaineratu du Dadiek. “Eta horregatik da hain berezia momentu hau”. Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatuko dute aurreko denboraldian koronabirusaren eraginez atzeratutako Espainiako Kopako finala, Sevillako Cartuja futbol zelaian (21:30).

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.