Botikarik onena, taldean kirola egitea

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 26a, 09:30
Azpeitiko kiroldegiko TRX gela.

Kiroldegiko taldeko jardueretan inoiz baino jende gutxiago dabil aurten. Herritarrei probatzera animatzeko deia egin die kirol koordinatzaileak, kutsatzeen beldur izateko arrazoirik ez dagoelako.

Pandemiak kiroldegiko bazkide kopurua gutxitzea ekarri du. Udalak emandako datuen arabera, iazko urtarrilaren 8an 5.801 bazkide zituen Azpeitiko Kirol Patronatuak, eta orain, 5.098 ditu; 703 gutxiago. Kiroldegian eskaintzen dituzten gidatutako taldeko jardueretan ere antzeman dute jaitsiera. "Pentsatzen genuen zerbait jaitsiko zela, baina ez horrenbeste", adierazi du BPXport enpresako Garikoitz Barriok, Azpeitiko kiroldegiko kirol zerbitzuen koordinatzaileak.

Udako geldialdiaren ostean, irailean ekin zieten taldeko jarduerei. "Normalean, jendea izen ematea irekitzeko zain egoten da, baina aurtengo ikasturtean ez da horrelakorik gertatu. Iraila iritsi zen eta oso jende gutxik eman zuen izena". Jarduera batzuei ekin zieten, baina beste urteetan baino askoz gutxiagori. "Jarduerak martxan jartzeko gutxieneko kopurua sei edo zortzi lagunekoa izaten da, eta beste urteetan itxaron zerrendak sortu izan diren zenbait jardueretan, gutxiengora ere ez gara iritsi". Horrenbestez, jarduera horiek ez dira aurrera atera, eta beste zenbait, "justu-justu". Besteak beste, TRX eta pilates ikastaroak aipatu ditu. "Iaz hasi ginen TRX ikastaroak eskaintzen, sekulako arrakastarekin, eta aurten oso jende gutxi animatu da. Pilates ikastaroek ere arrakasta handia izan ohi dute, eta aurten gutxieneko kopurura iritsi ezinik gabiltza".

"Normalean, jendea izen ematea irekitzeko zain egoten da, baina aurtengo ikasturtean ez da horrelakorik gertatu"

Ikasturteak aurrera egin ahala egoerak okerrera egin duela ziurtatu du Barriok. "Koronabirusaren intzidentzia tasa altuak eta horren ondorioz kiroldegia aste batzuetarako itxi izanak ez digute batere lagundu". Eta ezta udaberriaren etorrerak ere, eguraldi hobeak kirola kanpoan egitera bultzatu ohi duelako jendea.

Pandemia egoeran egonik, Barriok ulertzen du herritarrek barruko kirol jarduerak gauzatzeko erreparoa izatea, baina probatzera animatu ditu, "kirola egitea delako koronabirusaren kontrako botikarik onena". Haren esanetan, gorputza indartsuago eta osasuntsuago izaten laguntzeaz gain, buruarentzako ere "ezinbestekoa" da kirola egitea. "Etxean horrenbeste denbora pasatzen dugun garaiotan, sozializatzeko primerako aukera ematen du astean pare bat orduz kiroldegira etortzeak, eta horrek uste baino gehiago laguntzen dio buruari". 

Barruko jardueretan kutsatze arriskua egon daitekeela uste duten herritarrei "lasai egoteko" aholkatu die. "Babes neurri guztiak errespetatuta antolatzen ditugu ikastaroak, eta horren ondorio dira orain arteko emaitzak: kutsatze kasu bakar bat ere ez da gertatu kiroldegiko jardueretan". Halaxe ziurtatu du udalak ere, kiroldegian eta igerilekuan ez dela kutsatze fokurik izan, higienea eta distantziak bermatzeko neurriak hartu dituztelako eta gehienezko edukiera Eusko Jaurlaritzak agindutakoaren arabera mugatuta dutelako.

"Sozializatzeko primerako aukera ematen du astean pare bat orduz kiroldegira etortzeak, eta horrek uste baino gehiago laguntzen dio buruari"

Barrioren hitzetan, Azpeitiko kiroldegiko aretoak handiak dira eta, hala ere, jardueretako gehienezko pertsona kopurua murriztu egin dute elkarren arteko tarteak gorde ahal izateko. "Gainera, jarduera guztiak maskararekin gauzatzen ditugu, materiala erabilitako bakoitzean desinfektatzen dugu eta parte hartzaileek eskuak sarri-sarri garbitu behar izaten dituzte". Neurri gehiago ere hartzen dituzte: "Jarduera batean hamar edo hamabi lagun ibiltzen badira, taldearen barruan talde txikiagoak osatzen ditugu, gehienez sei lagunekoak, araudiak dioen moduan, taldeen eta pertsonen arteko distantziak gordeta. Talde horiek egonkorrak izaten dira, beti pertsona berdinek osatuak; horrela, norbaitek positibo emango balu, bere taldekideak bakarrik izango lirateke kontaktu zuzenak. Jarduera guztietan Whatsapp taldeak ere sortu ditugu, kasuren bat agertuko balitz ahalik azkarren neurriak hartzeko". Dena dela, "zorionez", orain arte ez dute horretarako beharrik izan. Kiroldegi barruko aireztapena ere nabarmendu du koordinatzaileak: "Ateak eta leihoak beti zabalduta izateaz gain, uneoro berritzen doa hemen barruko airea".

Barrioren esanetan, neurriak "zorrotzak" dira, baina "eraginkorrak" ere bai. "Norbaitek pentsa lezake kirola egiteko deserosoak izan daitezkeela, baina berehala ohitzen da jendea, eta dabiltzanak, oso gustura dabiltz". Horregatik, eta kutsatze arriskua "oso txikia" delako, probatzera animatzeko deia egin die herritarrei.