'Aupa!' lelopean aurkeztu dute Azkoitia-Azpeitia probaren edizio birtuala

Andoni Elduaien 2021ko mar. 25a, 14:52

Azkoitia-Azpeitia probaren antolakuntzak Alejandro Gomezi eskainitako proba berezia aurkeztu du gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Proba apirilaren 8tik 11ra bitartean egin ahalko da, eta horretarako, Rockthesport Virtual aplikazioa deskargatu beharko da mugikorrean.

Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren XXVIII. edizioa proba berezia izango da. Iaz, COVID-19aren eraginez ez zuten proba egiterik izan, eta hasiera batean 2021. urteko lasterketa martxoaren 20rako antolatuta bazuten ere, aurten ere ez da korrikalaririk eta handbike atletarik ikusiko Azkoitia eta Azpeitia arteko errepideetan. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek ez dute nahi izan urtea proba jokatu gabe utzi, eta horregatik, lasterketa modu birtualean egiteko prestatzen aritu dira azken hilabeteetan eta asteetan.

Azkoitia-Azpeitia lasterketaren aurtengo edizioa Alejandro Gomezen omenez egingo dute. Hain zuzen ere, Gomez joan den urtarrilaren 31n hil zen, 53 urte zituela, eta Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileek edizio birtuala Gomezi eskaini nahi izan diote. Aupa! lelopean egingo dute aurtengo edizioa, eta horren bitartez, probaren arduradunek Gomezek zituen "balioak islatu" nahi dituzte; izan ere, Alejandro "atleta handia, borrokalari nekaezina, lagun ona, eta zoritxarrei aurre egiteko gaitasun handiko gizona" zela azpimarratu dute aurkezpenean. 

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren edizio hau "berezia" izango dela azaldu du Harkaiz Millan Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak. "Lehen aldiz egingo da proba hau modu birtualean. Berezia, omenaldia egingo zaiolako proba honen ikurretako bati, Alejandro Gomezi, eta berezia, animo oihu bat helarazi nahi diogulako Gipuzkoako gizarteari", nabarmendu du. 

Proba lasterketa eta maila desberdinetan banatu dute antolatzaileek; izan ere, lasterketa korrika edo handbikean egin ahal izango da. Maratoi erdia, 8 kilometroko lasterketa motza eta Azkoitia-Azpeitia turistikoa probak egin ahalko dira aurtengo edizioan; azken proba horretan, Azkoitiko eta Azpeitiko puntu zein gune esanguratsuenak zapaldu beharko dituzte partehartzaileek.

Edizio honetatik aurrera, handbike proba 'Ione Basterra Saria' izango da. "Basterra ohikoa zen proban, eta modalitate horretako emakumeen mailako azken irabazlea izan zen. Zoritxarrez, Basterra 2019ko abenduan hil zen, baina haren memoriak gure artean jarraituko du urtez urte", adierazi du Agustin Jimenez probaren antolatzaileak.

Izen-ematea, zabalik

Azkoitia-Azpeitia proban parte hartzeko izen ematea zabalik dago oraindik; datorren igandean, martxoak 28, itxiko da horretarako epea. Izena emateko lau modu zabaldu ditu antolakuntzak, eta bakoitzak bere prezioa izango du.

Izen-emate arrunta egiten duenak lau euro ordaindu beharko du. Lasterketa birtualerako aplikazioa zein dortsala deskargatzeko, entrenamenduak egiteko eta lasterketa birtuala egiteko aukera izango dute izen-emate arrunta egiten dutenek. Probako zerbitzu berdinekin, maskara eta kamiseta eskuratzeko aukera ere eman ditu Azkoitia-Azpeitia probak. Hamar euro ordaintzen duenak maskara jasoko du, eta hemezortzi euro ordainduta, kamiseta. 25 euro ordaintzen duenak, bestalde, kamiseta eta maskara, biak eskuratuko ditu.

Lore eskaintza, apirilaren 11n

Apirilaren 11n, 13:30ean, Azkoitia-Azpeitia probako antolatzaileek lore eskaintza egingo diote Diego Garciari eta Alejandro Gomezi, Diego Garciak Loiolan duen estatuan. Ohorezko aurreskua egingo diete bi atleti, eta 1 zenbakidun dortsala emango diote Diego Garciaren familiari. Azkoitia-Azpeitia turistikoaren erakusketa bat ere egingo dute Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, apirilaren 6tik 11ra.