Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo hauteman zituzten atzo Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 25a, 13:11

Intzidentzia tasak beste koska bat egin du behera, eta 118,27koa da gaur-gaurkoz. Urola Kostan 11 kasu zenbatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak; gehienak, zazpi, Zarautzen. Hego Euskal Herrian, berriz, gora egiten jarraitzen dute positiboen kopuruak eta intzidentzia metatuak, eta Iñigo Urkullu lehendakariak Labiren bilera deitu du biharko.

Azpeitian COVID-19a hautemateko probetan bi positibo berri izan ziren atzo. Azken zazpi egunetan hamar positibo zenbatu ditu herrian Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak; 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, berriz, beste koska bat egin du behera atzoko datuen ondoren: 151,12tik 118,27ra jaitsi da, eremu berdera gerturatuz.

Urola Kostan, guztira, 11 kasu zenbatu zituzten atzo, eta horien erdiak baino gehiago Zarautzen izan ziren: zazpi. Hala eta guztiz ere, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa jaitsi egin da han, eta gaur-gaurkoz 256,99koa da, eskualdeko altuena. Azpeitian bezala, Aian ere bi positibo atzeman zituzten atzo, baina han gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, egunak zeramatzaten Aian positibo berririk hauteman gabe, baina azken bi egunetan hiru kasu zenbatuta, 201,51ra igo da tasa.

Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu. Intzidentzia tasa kontuan hartuta, ordea, ezberdintasunak daude herri horietan. Izan ere, Zestoan oraindik ere 256,81eko tasa dute —eskualdeko bigarren altuena, Zarautzen ondoren—, Zumaian 193,34koa, Orion 114,16koa eta Azkoitian 91,80koa.

Hego Euskal Herrian, gora

Hego Euskal Herriko egoera eskualdekoa baino kezkagarriagoa da. Izan ere, lau lurraldeetan 13.157 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 686 pertsonak eman zuten positibo —herenegun baino 59 gehiagok—. Positibotasun tasa %5,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,9koa Nafarroan. Positibo gehien Bizkaian zenbatu dituzte (239), eta, ondoren, Nafarroan (157), Gipuzkoan (151), eta Araban (136). Horrez gain Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren beste hiru pertsonak ere eman zuten positibo probetan.

Ospitaleratzeei dagokienez, 241 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan; ZIUn dauden herritarrak, berriz, 83 dira. Osasunbideak ez du Nafarroako erietxeetako daturik eman.

Labiren bilera, bihar

Kasu positiboen goranzko joera ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak Labiren bilera deitu du biharko. Urkulluk adierazi duenez, neurri murriztaileak gogortzea “aztertzen” ari dira; besteak beste, establezimenduen ordutegiak mugatzea zein lurralde arteko konfinamendu perimetrala berriro ezartzea eztabaidatuko dituzte. Bihar, ostirala, 16:30ean egingo dute bilera.