FunBox ikuskizunaren bigarren saio bat antolatu du udalak larunbaterako

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 25a, 12:46

16:30eko saiorako sarrera guztiak agortu direla ikusita, 18:30erako beste bat antolatzea erabaki du Azpeitiko Udalak. Izarraitz pilotalekuan izango da hori ere, eta dagoeneko eskuragarri daude sarrerak, hiru euroren truke. 

Larunbateko FunBox ikuskizunerako sarrerarik gabe gelditu diren herritarrek, badute beste aukera bat. 16:30eko saiorako sarrerak denbora gutxian agortu direla eta, udalak bigarren saio bat antolatzea erabaki du. Bigarren saio hori 18:30ean izango da Izarraitz pilotalekuan bertan, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak, hiru euroren truke, honako lotura honetan.  

Etzi Izarraitzera joaten diren herritarrek trialsin eta dirt jump modalitateetan punta-puntako kirolariak bertaratik bertara ikusi ahal izango dituzte, eurek diseinatutako eta eraikitako zirkuituetan. Han ariko dira, besteak beste, Martxel Arribillaga eta Ibai Gaztelumendi dirt jump pilotuak eta Oier Mitxelena trialsin pilotua. Arribillagak, esaterako, laugarren egin zuen duela lau urte Costa Rican jokatu zuten Munduko Txapelketan, eta haren kideek ere sari ugari erdietsi dituzte azken urteetan lehiatutako txapelketetan.

Udalak gaztetxoen aisialdirako eskaintzaren barruan antolatu du larunbateko ikuskizuna.