Joxean Agirre: "Trilogia bat denez, ideia da hiru liburuek antzeko titulua izatea"

Anartz Izagirre 2021ko mar. 25a, 11:30
Joxean Agirre.

Distira eta alderantzia izeneko liburua kaleratu berri du Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949). Bestalde, 111 Akademia Saria irabazteko izendatu dute Nobela errealista bat liburuagatik.

Distira eta alderantzia eleberria kaleratu berri duzu. Zer topatuko du irakurleak nobela horretan?

Trilogia baten bigarren zatia da Distira eta alderantzia, eta saiatu naiz Ispiluak eta itsasoak [Elkar, 2018] izena duen lehen liburuarekin lotura egiten. Gure ama 1920ko hamarkadaren inguruan lanean hasi zen Zestoako bainuetxean, 16 urte zituela. Une hura gogoratuz sortu nuen Maria Garrastazu pertsonaia, Aizarnako baserri bateko neska bat, Zestoako bainuetxean lan egiten duena. Parisko dandy bat gutiziatu egiten da harekin lehen liburuan, eta berarekin Parisera joateko eskatzen dio; bigarren zatia istorio horren jarraipena da. Maria Garrastazuk gauero bezala bueltatxo bat egiten du Parisko Luxenburgo parketik, eta Zuberoako neskato bat negarrez ikusten du, ama galdu duelako. Amaren bila hasten dira biak, eta istorio hori kontatzen da liburu honetan.

Antzekoak dira liburuen tituluak, ezta?

Bai. Ispiluak eta itsasoak liburuan diskurtso poetiko bat ageri da. Ispiluek gure identitate fisikoa ezagutzen laguntzen digute, eta itsasoak gure barrua ezagutzen laguntzen digu. Hiru nobelaz osaturiko trilogia bat denez, ideia da hiru liburuek antzeko izenburua izatea.

Belle époque garaian kokatu duzu nobela berria, eta protagonistak “glamourraren bestaldea” ezagutuko duela dio sinopsiak.

Protagonista argazkilari laguntzaile moduan hasten da lanean, eta diseinuaren nahiz modaren alderantzia ezagutzen du; hortik dator nobela berriaren izenburua. Gainera, hirugarren liburua ere edertasunaren ingurukoa izango da. Izan ere, garai hartan hasi ziren Miss Frantzia lehiaketa egiten, eta Ezpeletako [Lapurdi] neska batek irabazi omen zuen lehen edizio hura. Lehiaketa irabazi eta urte batzuetara hil egin omen zen, eta haren heriotzaren inguruko zurrumurruak egon ziren. Gai nobeleskoa iruditu zitzaidan trilogiaren hirugarren zatirako.

Oraingoan ere Parisera eramango duzu irakurlea. Zergatik Paris?

Paris ondo ezagutzen dudan hiria da, eta hobeto moldatzen naiz ezagutzen dudan leku baten inguruan idazterakoan. Zergatik Belle époque garaia? Ba hori konplikatuagoa da azaltzen. Istorioa gaur egungo Parisen kokatu izan banu askoz ere zailagoa egingo zitzaidan idaztea; atzera begira jarrita errazagoa egiten zait istorio bat sortzea.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.