Bihar jarriko dituzte salgai 2021eko Kultur Bonoak

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 25a, 09:31
Ainara LarraƱaga zinegotzia nahiz Kulturazeko Eusebio Beloki eta Jose Luis Otamendi, aurtengo Kultur Bonoaren aurkezpenean. (Kulturaz)

Zozketa bidez erabakiko da bonoak nork erosi; bihar arratsaldetik igande gauera arte eman beharko da zozketan parte hartzeko izena, Kulturazen webgunean. Apiriletik abendura, erabilera epe laburragoa izango du aurtengo bonoak; horren truke, merkeago salduko dute (60 eurotan), eta zinemarako eta kultur proiektuetan parte hartzeko ere balioko du.

Kulturaz kooperatibak bihar jarriko ditu salgai 2021eko Kultur Bonoak. Berrikuntza nabarmenekin dator aurtengo bonoa. Kulturazek azaldu duenez, "urte berezi honetara egokitutakoa izango da" 2021eko Kultur Bonoa.

Duela urtebeteko konfinamenduaren etenaren ondorioz, 2020ko bonoaren erabilera epea hil honen bukaeraraino luzatu zuten. Hori dela eta, 2021eko bonoaren erabilera tartea ohikoa baino laburragoa izango da, bederatzi hilabetekoa, hain zuzen ere, apiriletik abendura arte. Denbora epean galduko duen balioa orekatzeko asmoarekin, merkeago salduko dute Kultur Bonoa 2021ean: 60 euroko prezioa izango du (30 eurokoa, dagokien dokumentazioa aurkezten duten ikasleentzat eta langabetuentzat). "Gainera, ikuspegi zabalago bat emango zaio; orain arteko kultur ekitaldietarako ez ezik, zinemarako eta kultur proiektuetan parte hartzeko ere balioko du bonoak", gehitu du Kulturazek.

Bonoa eskuratzeko modua bera da aipatutako beste berrikuntzetako bat. Izan ere, aurreko urteetako "eskari handia" ikusita, aurten zozketa bidez jakingo da nork erosi ahalko dituen bonoak. Biharko 19:00etatik datorren igandeko (martxoak 28) 23:59ak bitartean eman beharko da zozketa horretan parte hartzeko izena, kulturaz.eus webgunean. Behin zozketa eginda, txartelak Sanagustin kulturgunean jaso eta ordaindu beharko dituzte zozketan bonoa erosteko aukeraren jabe egiten direnek. Bi egun izendatu dituzte Kultur Bonoak Sanagustinen jasotzeko: martxoaren 30a eta 31, 10:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 20:00etara.

32 ekitaldi, eta gehiago

2021eko Kultur Bonoak Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera. Bonoak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuz gero, guztira 32 ekitalditarako erabili ahal izango da. Hau da zerrenda:

  • 10 kontzertu.
  • 6 antzerki / dantza ikuskizun.
  • Umeentzako 6 ikuskizun (heldu bat + ume bat).
  • 10 film.

Horiez gain, kultur proiektuetan eta ikastaroetan (Hitzaren Eskolan, adibidez) parte hartzeko deskontuak ere eskainiko ditu Kultur Bonoak. Kultur proiektu horien xehetasunak "aurkeztu ahala" jakinaraziko dituela aurreratu du Kulturazek.

Osasun larrialdiak dirauen bitartean, egoera horrek eragindako edukiera mugek bonoaren erabilera baldintzatzen jarraituko dutela ere gogoratu du Kulturazek; horrela, "kultur ekitaldietan aurrez bonoarekin sarrera hartzea derrigorrezkoa izango da". Bestalde, kultur kooperatibaren webguneko agenda atalean ikur bereizgarri bat izango dute bonoa erabili ahal izango den ekitaldi guztiek.

Elkarlanaren erakusgarri

2021eko Kultur Bonoa atzo arratsaldean aurkeztu zuten, eta Ainara Larrañaga udaleko Kultura zinegotziak eta Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibaren lehendakariak bonoaren onurak eta bi erakundeen arteko elkarlanaren fruituak nabarmendu zituzten, kulturari hainbeste traba ekarri dizkion pandemiaren eragina gogora ekarrita. Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurrena ere gogoan izan zuten biek.

"Aurten inoiz baino gehiago kulturaren alde egitea dagokigu eta horretarako kultur bonoa izan daiteke tresna egokia", esan zuen Larrañagak. Kultur bonoarekin, "herriko kultur eskaintza zabala herritarren esku-eskura" izango dela ere gogoratu zuen, eta Kulturazen ekimena goraipatu zuen: "Txalotzekoa da Kulturaz kooperatibak horretarako egiten duen esfortzua. Bide honetan, jakina, udala beti izango da bidelagun".

Otamendirentzat, "herri mailan Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kooperatibak elkarrekin daramaten lanaren erakusgarri bikaina" da Kultur Bonoa. Bonoak herritarrak kulturara gerturatzeko tresna gisara duen balioa ere aipatu zuen: "Urtero bezala, herritarrei kultura eskuragarri jarrita, kultura sustatzea da helburu nagusia. Herritar guztiei zabaltzen die bonoak aukera, noski, baina bereziki bestela aparteko erraztasunik ez dutenei, eragozpenik gabe kultura gozatzeko bideak arindu nahi dizkie". Kultur Bonoaren egitasmoak aurtengoarekin zortzigarren urtea beteko du, eta kopuru hori Sanagustinen 10 urteekin lotu nahi izan zuen Kulturazen lehendakariak. "denon ahaleginari esker, gutxienez beste hamaika bizitzeko gai izan nahi genuke".