Nahia Olaizolak zilarrezko domina eskuratu du Patinaje artistikoko Espainiako Txapelketan

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 24a, 11:25
Nahia Olaizola, ezkerrean.

Joan den asteburuan absolutuen mailako Patinaje artistikoko Espainiako Txapelketa jokatu zuten Valdemoron (Madril, Espainia). Larunbatean, programa motza deritzonean, hirugarren egitea lortu zuen patinatzaile azpeitiarrak; eta igandean, programa librean, bigarren. Bi emaitzak batuta, zilarrezko dominarekin etxeratu zen gaztea.

Joan den asteburuan absolutuen mailako Patinaje artistikoko Espainiako Txapelketa jokatu zuten Valdemoron (Madril, Espainia), eta Nahia Olaizola patinatzaile azpeitiarrak zilarrezko domina irabazi zuen.

Novice advance, junior eta senior mailako lehiaketak jokatu zituzten, eta Olaizolak, 14 urtekin, novice advance mailan parte hartu zuen. Larunbatean, programa motza deritzonean, hirugarren egitea lortu zuen; eta igandean, programa librean, bigarren. Emaitza bien batura izaten denez, zilarrezko domina erdietsi zuen azpeitiarrak.

Donostiako Txuriberri klubarekin lehiatzen du Olaizolak, eta Espainia mailan ez ezik, nazioartean lehiatzen ere hasita dago. Lehendabizikoz iragan azaroan parte hartu zuen nazioarteko txapelketa batean, Budapesten (Hungaria), eta hirugarren egitea lortu zuen han.

Patinatzaile gazteak gogor entrenatu behar izaten du emaitza horiek eskuratu ahal izateko. Asteaz bederatzi-hamar orduz aritzen da izotzetan eta beste hiru bat ordu izotzetatik kanpo, indarra, potentzia eta malgutasuna lantzeko. Duela urte eta erdi inguru Uztarriak elkarrizketa ere egin zion.