'Andrezaharren manifestua' liburuaz solasaldia izango da Emakumeen Txokoan hilaren 31n

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 24a, 08:47
Mari Luz Esteban. (Dani Blanco/Argia)

Mari Luz Esteban egilea izango da hizlaria, Ainhoa Aldazabalek gidatuko duen saioan. 18:30ean hasiko da solasaldia eta joan nahi dutenek aurrez hartu behar dute lekua

Mari Luz Esteban antropologoa eta idazlea Azpeitian izango da datorren martxoaren 31n, bere Andrazaharren manifestua liburuaren gaineko solasaldi feministan parte hartzeko. 18:30ean hasiko da saioa Emakumeen Txokoan eta Ainhoa Aldazabalek gidatuko du. Solasaldian parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, tokia gordetzeko; horretarako, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzi dezakete, edo 688 751 000 Whatsapp zenbakira mezua bidali, bestela.

Estebanek 2019an argitaratu zuen Andrezaharren manifestua, bere bigarren poesia liburua. "Liburu politiko-poetikoa da honakoa, eta poesiaz baliatuz, zahartzaroaz hausnartzera gonbidatuko gaitu Estebanek", diote hilaren 31ko solasaldiaren antolatzaileek.