Urko Egaña saritua izan da I. Aitor Sarasua bertsopaper sariketan

Nerea Uranga 2021ko mar. 24a, 09:02
Urko Egaña artxiboko irudi batean.

Helduen mailako hirugarren saria jaso du bertsolari azpeitiarrak Ni ere gaixotu nintzen bertso sortarekin. Sariak "ilusio berezia" egin diola aitortu du Egañak.

Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketan helduen mailako hirugarren saria eskuratu du, Ni ere gaixotu nintzen izenburuko bertso sortarekin. 16 urtetik gorakoetan lehen saria Ander Fuentesek jaso du eta bigarrena Elixabet Etxandik. Gazteen mailan, berriz, Nahia Etxeberri, Leina Alkhat eta Kemen Bidegain izan dira sarituak, hurrenez hurren. Bertsularien Lagunak elkarteak antolatu du Aitor Sarasua omentzeko sariketa.

"Ilusio berezia" egin dio Egañari I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketan saritua izateak, “poz handia” hartu duela dio. Aitor Sarasua gaztetxoa zela ezagutzeko aukera izan zuen Egañak: “17-18 urte nituenean, Bertsozale elkartetik antolatzen ziren bertso udaleku edo topaketetan parte hartu nuen eta han ezagutu nuen Aitor. Gerora, berriz, entzule gisa joanda hainbat bertso saio edota txapelketatan egin nuen harekin topo. Sarasuatarrekin ere harreman berezia izan dut, batik bat hegoaldeko familiarekin, orain dela hamar bat urte Aitorren lau ilobaren irakaslea izan nintzen. Oker ez banago, gainera, Aitorren alaba Maddik bere lehenbiziko bertso plaza, hegoaldean behintzat, Miren Amurizarekin eta nirekin egin zuen. Horregatik guztiagatik ere egin dit ilusioa sari hau jasotzeak”.

Ni ere gaixotu nintzen bertso sortagatik eman diote helduen mailako hirugarren saria Egañari. Pandemia hasi zen garaian idatzi zituen bertsoak, eta pentsatu zuen lehiaketarako egokiak izan zitezkeela. Hala azaldu du bertso sortan landu duen gaia: “Egun dena pandemiarekin lotzen da, eta badirudi beste gaixo guztiak alde batera edota beste maila batean uzten direla, eta bertso sorta hau hortaz ari da batik bat. Nire esperientzia kontatzen dut; orain dela urte batzuk dezente gaizki pasatu nuelako eta imajinatzen dudalako jende askok ere gaur egun gaixotasun partikularrak izango dituela, eta, igoal, ez dituztela kontuan hartzen. Pixka bat nire bidea kontatzen dut bertso sortan”.

Gaztetan bat-batekoan ibili zen Egaña, baina gaur egun hortik urrun dabilela dio. Hala ere, bertsoak idazten jarraitzen du, “gustukoa” duelako. Bertsoak edota bertsolaritzari lotutako hainbat lan ere idatzi ditu Egañak azken urteetan: 11 kantatzeko egin zuen beste batzurekin lankidetzan eta Oñatiko bertsolaritzaren historia ere idatzi zuen. Orain, berriz, bertsolaritzari lotutako beste proiektu batekin ari da lanean.

Orain gutxi, COVID-19a dela-eta ostalariek bizi duten egoera ekarri zuen gogora Egañak bertsotan. Norena da errua? sorta osatu eta argitara eman zuen. “Idatzitako bertso batzuk lehiaketetara bidaltzen ditut eta beste batzuk, berriz, etxean gordetzen ditut. Ostalaritzaren inguruko bertsoak, beroaldian, egun batetik bestera boteprontoan egindako bertsoak izan ziren. Azkenean, nik nahi nuen eragin edo mezu hori jendearen artean zabaltzea lortu nuen, eta pozik gelditu nintzen”, azaldu du.

Ni ere gaixotu nintzen

1.- Barkatu, COVID-19ak
ez nau kohibitzen,
zeren tamalez gaitz horrek soilik
ez du existitzen!
Neure zilborra ukitzen
ta barrunbeak trankiltzen
orain hasi naiz, baina lehenago
hasi behar nintzen. (Bis)

2.- Bihotz barrutik ateratako
errima ta hitzen
bidez nahi nuke saiatu negar-
zotinak isiltzen.
Zutik egoteak mintzen
ninduelako sufritzen
nuen, ta zulo sakon batean
hondoratu nintzen. (Bis)

3.- Goizean goizik ia ez nintzen
ohetik jaikitzen,
ez banituen aurrez eskuak
lurrean ipintzen!
Nahiz ahalegindu mugitzen
ez nintzen kapaz sentitzen!
Laguntza eskatu eta berriro
oheratzen nintzen. (Bis)

4.- Gerora, hankak gisan gerria
pixka bat arintzen
hasiagatik gero egunak
ez zuen argitzen!
Oinez hastean ibiltzen
ez nuen minik gainditzen!
Ta ondorioz sarri etxean
geratu ohi nintzen. (Bis)

5.- Urte errazak izan direnik
ez zait iruditzen,
bere denbora behar delako
zikina garbitzen.
Zer erreza den amiltzen!
Ta zeinen zaila zutitzen...
Argi izpi bat ikusterako
berriz jausten nintzen. (Bis)

6.- Fisikoki ta mentalki bizi
nituen baldintzen
menpe egonda irtenbiderik
ez nuen aurkitzen!
Nahiz saiatu ahalegintzen
minetara egokitzen,
biharamunez berriz hutsetik
hasi behar nintzen. (Bis)

7.- Besteak beste Logroño, Irun,
edo Biarritzen
nituen minei buruzko zenbait
diagnosi biltzen
ta iritziak aditzen
aritu arren berdin zen,
zeren etxera irten bezala
itzultzen bainintzen! (Bis)

8.- Diagnositan aipatutako
zenbait artritisen
sintomak ziren nituen gaitzen
izen ta abizen.
Nola gihar hala mintzen
motorrak neuzkan gelditzen!
Ta ni lehenengo arrankerako
izorratzen nintzen. (Bis)

9.- Bi urte t’erdi pasatzerako
min asko eztitzen
hasi ziren ta hor hasi nintzen
argirantz hurbiltzen.
Ito nahi ninduten bitsen
ta hain momentu bortitzen
kabi izan zen zulo hartatik
onik irten nintzen. (Bis)

10.- Minez gaudela ez da erreza
pozarren bizitzen,
baina bizitzen asmatuz gero
gaude pozak hiltzen!
Ez zait buruan kabitzen
zaila baita entenditzen,
gaur nola aurkitzen naizen ta atzo
nola egon nintzen! (Bis)

Egilea: Urko Egaña Calderon
Doinua: Mari Errauskin (11 kantatzeko)