Borroka Egunaren barruan, manifestazioa deitu du Ikasek ostegunerako

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 23a, 10:04

Autoritarismoaren kontrako kanpainari bukaera emango diote martxoaren 25erako deitu duten Borroka Egunarekin. Ikaseko kideek azaldu dutenez, "autoritarismoaren eta infantilizazioaren" kontra antolatzera deitu dituzte ikasleak. Osteguneko manifestazioa 11:00etan hasiko da, Urola Ikastolako ataritik. 

Ikas ikasle autodefentsa sareak aspalditik du borobilduta martxoaren 25a. Duela aste batzuk jakinarazi zuten bezala, martxoaren 25a Borroka Eguna izango da Ikaseko kideentzat, eta protesta ugari egingo dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Azpeitian ere mobilizatuko dira, eta Urola Erdiko Ikasek deituta, manifestazioa egingo dute ostegunean, 11:00etan hasita, Urola Ikastolatik abiatuta. 

Dagoeneko hilabeteak igaro dira Ikaseko kideek "testuinguru berri honetan, hezkuntzak berezko duen autoritarismoaren gorakadari aurre egiteko" Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! lelopean, autoritarismoaren aurkako kanpaina hasi zutenetik. Bide horretan, hainbat eskari egin izan dituzte ikastetxeetan. 

Azpeitian, esaterako, Urola Ikastolako zuzendaritzarekin jarri ziren harremanetan, bilkurak egiteko espazioa lortzeko. "Azpeitiako Urola BHI ikastetxean, askatasun politikoen beharra azpimarratu eta ikastetxe barruan DBHko zein batxilergoko ikasleok batzeko leku eta ordu bat lortzea helburu zuen borroka abiatu genuen", azaldu dute. Era berean, "pandemia kudeatzeko ezintasuna" eta "infantilizazioa" ere salatu dituzte Ikaseko kideek: "Horren adibide garbiak ditugu, ikasleon arteko segurtasun neurriak ezin bermatzea –espazio falta tarteko– eta DBHko ikasleak sarrera-ordura arte, kanpoan egotera behartzea, elkarren arteko distantziak betetzeko lekurik ez dagoela jakin arren. Egoera horiek, testuinguru berri honetan eratutako zerbait izatetik urrun, sistema kapitalistaren arazo estrukturalen ondorio baino ez dira". 

Infantilizazioari erreferentzia eginez, honakoa adierazi dute: "Aipatzekoa da zuzendaritzaren partetik jasan behar izan dugun etengabeko infantilizazioa: ikasleen iradokizunak aintzat ez hartzea, pandemia aitzakiatzat hartuta biltzeko oztopoak jartzea, gezurrak esatea...". Era berean, DBHko eta Batxilergoko ikasleek elkarrekin bildu ezin dutela salatu dute: "Zenbait bileren ostean, nahiz eta asterokotasunean biltzeko espazioa lortu dugun, batxilergoko ikasleak soilik bil gaitezke, eskola ordutik kanpo. Izan ere, DBHko ikasleei gainontzeko kideekin biltzeko eskubidea ukatu diete".

Horrenbestez, Urola Erdiko ikasleak antolatzera deitu dituzte. "Ikasle langileon interesen defentsan borrokatzera berresten gara, eta Urola Erdiko ikasle oro animatzen dugu antolakuntzan parte hartu eta autoritarismoaren kontrako salaketa egitera. Horretarako, martxoaren 25ean, 11:00tan, Azpeitiko kaleak hartuko ditugu". 

Poliziaren jazarpena

Joan zen astean, martxoaren 13an, Ertzaintzak Ikaseko kide bat identifikatu zuen Borroka Eguneko pankartak jartzen ari zela. Ikasek adierazi zuenez, lagun bat identifikatzeaz gain, pankartak jartzea "galarazi" zieten bi ertzainek. Ikaseko kideek "gogor" salatu zuten gertatutakoa, eta esan zuten ez dutela onartzen "edozein eratako jarrera autoritariorik, ezta pandemia garaian areagotu den jazarpen poliziala ere".